Galde erreguen tartean hitza hartu zuen Amaia Erostarbe jarduneko zinegotziak eta alderdikide jeltzaleen izenean eskerrak eman zizkion Lourdes Idoiagari udalean egindako lanagatik. Gobernuan egon zen sasoian egin zituen gauzetako batzuk ekarri zituen gogora Erostarbek, San Lorentzoko igogailuak esaterako, eta oposizioan egondako urteetan ere lan handia egin duela gaineratu. Alderdikideei asko lagundu dietela ere esan zuen. Marijo Etxegoienek lore sorta eman zion denen izenean eta txaloak entzun ziren osoko bilkuren aretoan. Hunkituta hartu zuen Idoiagak sorpresa: "Eskerrik asko danoi, nik ez dut lanik egin zuek gabe. Oposizioan ere saiatu naiz ahalik eta duintasun handienarekin lana egiten. Momentu pertsonal txarrak pasa ditut, bai, baina ez dut ezer justifikatu beharrik. Zerrenda onena dugu eta eskerrak denoi, inoiz ez zait babesik falta eta". Mikel Biain jarduneko alkateak ere eskerrak eman zizkion Idoiagari: "Batzordekide izan gara eta ikusi dut oso langilea zarela, irakurrita eta landuta eraman dituzu gaiak batzordeetara. Udalari egindako ekarpena erabatekoa izan da. Eskerrik asko".
Idoiagari eskerrak ematearekin batera "herri honetan borroka ideologiko handia" dagoela aipatu zuen Erostarbek, zinegotzi izatea zaila dela gaineratuz. Ezin duela herri dena horrela epaitu erantzun zion Biainek, eta ez dagoela ados adierazpen horrekin.
Gai zerrendari begira, bestalde, iritzi ezberdinak eman zituzten Idoiagak eta Biainek udalaren iazko kontu orokorrari buruz. EAJko jarduneko bozeramaileak udalaren egoera ekonomikoarekin "kezkatuta" daudela, "kontu hartzailearen txostenak aztertuta". Gaineratu zuen behin baino gehiagotan eskatu dutela finantza txosten bat egitea eta fondo bat sortzea egin asmo ziren proiektuetarako dirua aurreratzeko, baina ez dela horrelakorik egin. Biainen esanetan berriz, "zorpetze maila baxuagoarekin" egiten dute traspasoa eta "Udal Gobernu berriak kudeaketa ondo aztertu beharko duen arren, lasai gaude". Aurrekontuetan kontrako botoa eman zuen EAJk baina puntu honetan aldekoa, beraz, aho batez onartu zen 2018ko kontu orokorra.
Ingurumen eta landa garapen departamenduak ematen dituen diru laguntzen oinarriak eta 2019ko deialdia ere onartu zuen udalbatzak; baita landa bideetan hormigoia botatzeko diru laguntzarena ere. Oñatiko Garapen eta Turismo Ajentziaren ondarea udalaren esku usteko puntua ere aho batez onartu zuen udalbatzak.