Bost urteren ostean, bueltan da raid proba

Maialen Regueiro 2019ko eka. 7a, 08:37

2013ko Oñatiko raid proba. (Irudia: Iñaki Legaristi)

Ekainaren 15ean eta 16an jokatuko da Oñatiko III. raid proba eta Oñatiko Raid Orientazio Elkarteak asteburu osorako egitaraua osatu du. Bikoteka hartuko da parte eta ekainaren 12a izango da proba horretan izena emateko azken eguna. 

2014a ezkero bost urte igaro dira, eta bueltan da Oñatiko Raid Orientazio Elkarteak (OROE) antolatutako Oñatiko III. raid proba, ekainaren 15ean eta 16an jokatuko dena. Hala, OROE elkarteko kideak buru-belarri aritu dira azken hilabeteetan probako xehetasunak lotzen eta parte hartzaileek osotasunean gozatu dezaten.

Raid probak

Raid probek orientazioa izaten dute oinarri, baina kirol-modalitate ezberdinak lantzen dira; mendiko bizikleta, korrika eta eskalada, besteak beste. Normalean, natur inguruetan antolatzen dira eta iraupen ezberdina izan dezakete: zazpi ordu, egun osoa, bi egun... Proba hauetako ezaugarri garrantzitsu bat da zehaztu gabeko ibilbidea dutela. Izan ere, bikote bakoitzak mapa bat jasotzen du probaren hasieran eta estrategia bat eraman behar dute aurrera, ibilbideko kontrolpuntu gehien bisitatzeko. Probako irabazlea denbora gutxienean puntu gehien eskuratzen dituen bikotea izango da.

Oñatiko proba

Hurrengo asteburukoa Ipar Ligako Abentura Raiden 2019ko ligako hirugarren proba izango da eta bi egunetan jokatuko da: zapatuan zortzi ordu eta domekan bost. Elkarteko kide Joseba Lopezek honako hau azpimarratu du: "Zapatutik domekarako gaua neutralizatua izango da eta parte hartzaileek zoru gogorrean egingo dute lo. Domekan, probarekin jarraitu aurretik, gosaltzeko aukera izango dute". Hala, OROE elkarteak asteburu osoko egitaraua osatu du. Zapatuan, 10:00etatik 12:00etara bitartean egingo diete harrera parte-hartzaileei, Enpresagintza Fakultatean, eta horien materiala jasoko dute. 13:00etan, harreragunean autobusa hartu eta irteera puntura joango dira. Honen harira, Lopezek hauxe adierazi du: "Egitarauan ez dugu zehaztu zein izango den irteera puntua, informazio hori bizpahiru egun lehenago adieraziko dugulako". Proba hasi aurretik parte-hartzaileek azalpen teknikoak jasoko dituzte. 15:00etatik 23:00etara bitartean izango dute probaren lehenengo zatia egiteko denbora. Behin zortzi orduko jarduna amaituta, eta afari gisa, salda eta pasta jateko aukera izango dute. Domekan, probako bigarren zatiari hasiera eman aurretik, azalpen teknikoak emango dituzte eta 08:00etatik 13:00ak bitartean egin beharko dute bigarren zatia. 14:00etan, bazkaria egingo dute Berdura plazan eta ondoren, sari banaketaren eta material zozketaren txanda izango da. Probako egun bakoitza lau sekziotan banatuta egongo da. Zapatuan, bike & run, trekkinga, BTT, orientazio espezifikoa eta proba berezia. Domekan berriz, BTT, trekkinga, proba berezia eta herri orientazioa.

Beharrezko materiala

Antolakuntzatik probako partehartzaileek izan beharko duten materialaren berri eman dute. Hala, bikoteek botikina, mugikorra, iparrorratza eta mapa eramateko funda bat izan beharko dituzte. Raider bakoitzak, berriz, mendiko bizikleta, kantinplora, haizearen aurkako arropak, motxila, bizikletarako materiala, manta termikoa, frontala eta txilibitua izan beharko ditu. Honen harira, aipatu behar da walkie-talkie gisako komunikazio-ekipoak eta nabigazio sistema elektronikoak debekatuta daudela.

Izen-ematea zabalik dago

Proba honetan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago eta ekainaren 12a izango da azken eguna (https://forms.gle/AHzpvUtToY6zRbEG8). Horretarako, izen-emate inprimakia bete behar da eta bikote bakoitzak 150 euro ordaindu beharko ditu. Ordainketako ziurtagiria onatiraid@gmail.com helbidera bidali beharko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak