Uda giro betearekin hasi da bainu-denboraldia

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko eka. 1a, 07:43

Ume bi txorrotekin jolasten, atzo, Oñatin.

Gaur, ekainak 1, hasi da ofizialki bainu-denboraldia, uda giro betean hasi ere. Eguraldi ederra lagun, Oñatiko ur uhinen parkea atzo jarri zuten martxan; aurreikustekoa zenez, hainbat ume hurbildu ziren freskatzera eta jolastera. Atzoko beroari antidotorik onena; eta gaur bero handiagoa dator oraindik...

EAEko kostaldean bainu-denboraldia hasi da gaur, bete beharreko kalitate-eskakizunak beteta. Kostaldean 36 bainu-eremu daude eta Ullibarri-Ganboan beste bost, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako jarraipenaren arabera, horietako 35 eremuk ur-kalitate bikaina dute; beste bostek ona, eta azken batek nahikoa. Beraz, kostaldeko uretan eta ur-kontinentaletan bainu segurua bermatua dago.

Ume talde bat Oñatiko ur txorrotetan jolasten, atzo, martxan jarri ziren lehen egunean.

Jarraipen zehatza uraren kalitateari

Urtero legez, Osasun Sailak laginak hartuko ditu mikrobiologia-analisia egiteko 41 bainu-eremutan, eta uren kalitatearen berri emango du. Hondartzetako uren kalitatea, oro har, "oso ona" da, baina bainu-denboraldian gerta daiteke noizean behin egoera hori aldatzea baldintza meteorologiko bortitzengatik.

Hain zuzen, ezin dira ahaztu iazko bainu-denboraldi ofiziala irekitzearekin batera eman ziren euri mardulak. Izan ere, araudiak epe motzeko kutsadura gertakariak deitzen dituenak sorrarazi zituen bainu-eremu ofizialetatik gertu diren kostaldeko uretan. Bat-bateko ur-emari handitzearekin batera, eskualdeko saneamendu-sistemen edota udal saneamendu-sareen gainezkatzeak ematen dira, zeinak arroaren berezko jariatze-urak (hiri zein landa eremuetan) arroan metatutako zikinkeria eta hondarrak kostaldera garraiatzen dituen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak