Kasualitate baten ondorioz elkartuko dira Oñati abesbatza eta Coral Sellares de Gava abesbatza gaur. "Kataluniako abesbatzako kide baten alaba Oñatin bizi da, eta haren bitartez lortu genuen kontaktua. Harremanetan jarri ginen, haiek prest azaldu ziren eta gu ere prest geundenez, aurrera egin dugu", adierazi du Miren Gurutze Plazaolak, Oñati abesbatzako zuzendariak. 2015etik ari da zuzendari lanetan, eta azaldu du hainbat elkartruke egin dituztela dagoeneko. "Gustatzen zait horrelako elkartrukeak egitea". Hala, gaurkoaren ostean, azaroko lehen asteburuan, Katalunian eskainiko dute kontzertua oñatiarrek.
1966. urtean sortu zen Oñati abesbatza. Gaur egun, 35 kide inguru ditu eta hainbat kontzertu eskaintzen ditu urtean zehar herrian, "Gabonetako kontzertuan, auzoetako jaietan ermita ezberdinetan, eta abar".
Gaurko kontzertuari dagokionez, abesbatza bakoitzak bere zatia egingo du, lehenik, eta ondoren, Agur Jaunak abestuko dute biek elkarrekin, emanaldiari amaiera emateko.
Mila kontzertu baino gehiago
Coral Sellares de Gava abesbatza 1965ean sortu zen. Gaur egun, ahots mistoko abesbatza bat da, 60 kidez osatutakoa, eta Emmanuel Niubok zuzentzen duena.
Mila kontzertu baino gehiago eskaini dituzte dagoeneko 54 urteko ibilbide luzean, Katalunian bertan, estatu espainiarrean eta baita atzerrian ere. Horrez gain, sari esanguratsuak ere jaso izan dituzte.
Euren errepertorioa zabala eta askotarikoa da. Izan ere, garai eta estilo ezberdinetako musika eskaintzen dute.