Oñatik behar duen proiektua EH Bilduk ordezkatzen duela aldarrikatu dute azken ekitaldian

Miren Arregi Amasorrain 2019ko mai. 24a, 22:37

Kontzejupean egin du Oñatiko EH Bilduk hauteskunde kanpainako azken ekitaldia. Foru hauteskundeetarako zerrendakide eta azken zortzi urteotako Oñatiko alkate Mikel Biainek, legebiltzarkide Oihana Etxebarrietak eta Oñatiko alkategai Izaro Elorzak, EH Bilduk ordezkatzen duen proiektuaren balioak goraipatu dituzte, proiektu kontsolidatua, sendoa eta herritarrak erdigunean jartzen dituena dela aldarrikatuz.

Azken zortzi urteotan udaletxean egon den EH Bilduko taldeari eskerrak emateko baliatu dute ekitaldia, bai eta hautagai talde berriari onena opatzeko ere.

Gipuzkoara begira

Mikel Biainen esanetan, EH Bilduk "politika egiteko balore aurrerakoiak" ekarri ditu eta hura da Gipuzkoan "alternatiba erreal bakarra". Gaineratu du, proiektu politiko sendoa ordezkatzen duela alderdiak, "pertsona erdigunean jarrita". EAJrendako ere izan du hitzik: "Gure herriaren izen ona zikintzen saiatu dira, urduri daudelako eta probokaziora eraman nahi gaituztelako". EAJren proiektua atzerakoia eta elitista dela salatu du, EH Bilduren politika erakundeetara eramateak duen garrantzia nabarmenduz.

Oñatin, azken urteotako eredua ipar

Alkategai Izaro Elorzak, bestalde, "poz handia" sentitzen duela adieraziz hasi du bere hitzaldia. Haren esanetan, EH Bildu osatzen duten herritarren konpromezuak, zintzotasunak eta lanerako gogoak sortzen dio poz hori. Elorzak taldearen garrantzia azpimarratu du eta Oñatik behar duen proiektua EH Bilduk ordezkatzen duela adierazi: "Dena gertu dago, prest gaude; justizian, elkartasunean eta berdintasunean sinisten dugunok gara EH Bildu". Gaineratu du, "azken urteotako ereduari jarraipena emateko prest" dagoela. Besteak beste, gazteei aukerak eskaintzen, irisgarritasunean aurrera pausuak ematen, ingurugiroa, kultura eta euskara zaintzen eta politika fiskal sozialak garatzen jarraituko dutela aldarrikatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak