Mundua salbatzeko diru bilketa kanpaina, abian

Aitor Agiriano 2019ko mai. 24a, 17:00
Lide Osinaga, tabletan crowdfunding orria erakusten.

Ingurumenari laguntzeko crowdfunding kanpaina bat jarri du martxan Oñatiko bikote gazte batek. Ingurumenaren alde lan egiten duten erakundeei laguntzeko izango da herritarrek egindako ekarpenekin biltzen duten diru kopuru guztia.

Albistegian Notre Dame erre eta ordu gutxiren bueltan katedrala berreskuratzeko diru bilketa kanpaina bat martxan jarri zutela ikusi, denbora gutxian hainbeste diru bildu zutela ere ikusi, eta horrela bururatu zitzaien abiarazi duten crowdfunding kanpaina martxan jartzea. "Gizakiaren ondare den katedrala salbatzeko hainbeste jende eta hainbeste diru mugitu bada, nola ez gara, ba, elkartuko mundua salbatzeko?". Hala, kanpaina horiek puri-purian daudela ikusita eta bide hori erabilita esparru zabalago batera iritsiko diren esperantzarekin, ingurumenaren aldeko diru bilketa egitera animatu dira Lide Osinaga eta Gorka Goitia.

Zuzenean ingurumenarekiko lanik aurrez egin ez badute ere, beti egon dira gaiarekiko kontzientziatuta eta mundua salbatzeko guztiaren beharra dagoela uste dute: "Beti izan dugu gaiarekiko interesa, eta, guraso garenetik, are gehiago arduratzen gaituen gai bat da. Zein mundu utzi nahi diegu gure ondorengoei? Etxean gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzen gara; etxeko energia berdea dela ziurtatzen dugu Goiener-i esker, dena birziklatzen dugu, plastiko ahalik eta gutxien erabiltzen dugu, erosten ditugun produktuak zaintzen ditugu eta ura eta energia ere aurrezten saiatzen gara, besteak beste".

Alez ale, laguntza handia

Edonork har dezake parte kanpaina horretan. Euro bat, hamar, ehun... bakoitzak nahi duen ekarpena egiteko aukera izango du https://www.godfundme.com/millones-para-salvar-el-planeta helbidean sartuta. Horrez gain, herritarrek ere kanpainaren nondik norakoa elkarbanatzea garrantzitsua da, euren ustez: "Guztiaren beharra dago mundua salbatzeko, eta gure mezua zabaldu dadin nahi dugu". Momentuz, ez diote diru bilketari epemugarik jarri, eta ahalik eta diru gehien batzea dute helburu. Egitasmoa martxa hartzen hasi besterik ez da egin eta jendeak nola erantzuten duen ikusi nahi dute lehendabizi. Dena den, Parisko Notre Dame katedrala berreskuratzeko lortu den zifra bera erabili dute eslogan moduan: 1.000 milioi euro: "Hori oso zenbaki potoloa da; ondo legoke hori eta gehiago lortzea... baina ez da batere erraza. Guretzat, baina, 20.000 euro lortuko bagenituzke, asko izango litzateke. Apurka-apurka ahalik eta gehien lortu nahi dugu".

Ingurumenaren alde lan egiten duen erakunde bati emango diote herritarrek egindako ekarpen guztia. Ideia bakar bati baino gehiago, bide ezberdinak jorratzen dituen erakunde batekin lan egin nahiko lukete, zehazki: klima aldaketa, ozeanoetako plastikoa, energia berriztagarriak, animalien desagertzea...

Hala, herritarrak euren aletxoa jar dezaten animatu nahi dituzte: "Mila pertsonak euro bateko ekarpena eginez gero, 1.000 euro lortuko genituzke. Norbanakoarentzat huskeria dena pilatuz gero, asko da! Guztion laguntza behar dugu, hau guztion ardura da eta denok elkarrekin handia den zerbait lor dezakegu", dio diru bilketa martxan jarri duen Osinagak.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak