Emakumeen Bira Oñatin erabakiko da zapatuan

Xabier-Urzelai 2019ko mai. 23a, 15:48
Adunako etaparen hasiera gaur. Argazkia: Adunako Udala.

Zapatuan iritsiko da Emakumeen Birako azken etapa Oñatira. Lasterkariek 156 kilometroko etapa izango dute aurretik, eta tartean hainbat mendate gainditu beharko dituzte; munduko hogei talde onenak daude proban.

Women's World Tour barruan dago eguaztenaz geroztik Euskal Herrian jokatzen dabiltzan Emakumeen Bira. Horrek esan gura du mundu mailako hogei talde onenak izango direla zapatuan –13:30ean hasita–, Oñatiko irteera puntuan. Eta jakinekoa da, aurrez, behintzat, Mitchelton-Scott taldea dela faboritoa, besteak beste, bertan daudelako iazko podiumera igo ziren lehen bi ziklistak: Amanda Spratt eta Annemiek Van Vleuten. 

Eider Merinoren neurrikoa

Aurtengo Birak ez du erlojupekorik, eta horrek mesede egiten dio, besteak beste, Movistarreko ziklista Eider Merinori. Balmasedakoak, baina, ez du bere burua faboritoen artean ikusten: "Lasterketan sekulako maila egongo delako, munduko ziklista onenak egongo dira, eta faboritoen artean egoteak ez duelako inongo mesederik egiten".

Faboritoen multzoan daude, baita ere, Elisa Longo (TrekSegafredo), Amy Pieters (Boels Dollmans) eta Asja Paladin (Valcar) eta Soraya Paladin (Ale Cipollini) ahizpak. Eta ordezkari euskaldunen artean, Ziortza Isasi (Eneicat) eta Ane Santesteban (WNT Rotor) dira ziklista nabarmenenak, Movistarreko lider Merinorekin batera.

Oñatiko etapa eskalatzaileendako izango da. 156 kilometro, tartean lau mendate, eta, guztira, ia 2.000 metroko desnibel positiboa.

Lehen etapa, Jolien D'Hoorek

Atzo, eguaztena, jokatu zen lehenengo etapa: 101 kilometro, Iurretan hasi eta buka; esprintean erabaki zen, eta Boels Dolmans taldeko Jolien D'Hoore belgikarrak altxatu zituen eskuak. Esan beharra dago faborito guztiak sartu zirela denbora berean.

Gaur, ostera, Aduna eta Amasa artean jokatzen dabiltza etapa. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak