Agintaldiko lehen 100 egunetan hartuko dituen urratsen berri eman du EAJk

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko mai. 23a, 15:29
EAJko hainbat hautagai eguerdian egin duten prentsa agerraldian

Oñatira "aldaketa ekarriko duten" urratsak agintaldiko lehen 100 egunetan egingo dituela jakinarazi du EAJ alderdiak eguerdian egindako prentsa agerraldian. Lehentasuna zerk izango duen ere aipatu du.

Oñatira "aldaketa ekarriko duten" urratsak alkatetza eskuratu bezain pronto hartuko dituztela esan du eguerdian Ainhoa Galdos Olazarrek, EAJko alkategaiak; aldaketak lehen 100 egunetan egingo dituela jakinarazi du. "Egoera ekonomiko estuan dago Udala, lotuta, eta lehentasunak ondo markatu beharko ditugu, ondo kudeatzeko. Norabide bat duen kudeaketa arduratsu eta errealista bat behar da, irmoa izango dena", adierazi du alkategai jeltzaleak.

"Oñatin aldaketa eragiteko" hartuko dituzten lehentasunezko neurriak ere aipatu ditu: kale eta auzoen konponketa eta garbiketa, puntu ilunetan argiteria hobetu, hondakinen bilketarako sistemaren birplanteamendua, tokiko merkataritza bultzatu eta bizi kalitateari eustea. Gune historikoaren itxura zaintzeko ekintza plan bat egingo dutela esan du eta irisgarritasuna, argiteria eta garbitasuna landuko dituztela. Herriko kaleetan dagoen "hutsune handietako bat puntu ilunena" dela esan du Galdosek eta horri konponbidea ematea premiazkoa dela, "emakumeak, gazteak eta orokorrean herritar guztiak libre eta seguru sentitzeko Oñatin". Hondakinak batzeko sistemari buruz, auzoetan dagoen sistema herri osora zabaltzeko bideari ekingo diotela ere esan du.

Landa ingurua garrantzitsua dela adierazi dute eta alkatetza lortuz gero lehen 100 egunetan egingo duten beste asmoetako bat Herribusa auzoetara heltzea izango dela gaineratu du Amaia Erostarbe zerrenda kideak; Larrañara, Murgiara, Lezesarrira, Uribarrira, Olatera, Zañartura eta Garagaltzara, adibidez. Kirol azpiegituren azterketa integrala egitea eta menpekotasuna duten senideendako laguntzak ere aipatu ditu Erostarbek. Tokiko merkataritza bultzatzeko neurriak hartzea da lehentasuna izango duen beste gaietako bat eta Tokiko Merkataritzaren Plan Estrategikoa lantzea beharrezkoa ikusten dute,; dendari, ostalari eta komertzio alorreko beste eragileekin batera egin gura dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak