Bigarren eta hirugarren postuak
Casais eta Erostarbek zapatuan eta domekan izan dituzte lasterketak. Zapatuan, erlojuaren aurkako 6 kilometroko saioa egin zuten. Casaisek eta Erostarbek bigarren eta hirugarren denbora onenak egin zituzten, hurrenez hurren. Atzo berriz, 51 kilometroko lasterketa zuten aurretik eta Euskal Selekzioko kideak izan ziren podiumera igo zirenak, tartean, bi oñatiarrak.
Emaitza hauek kontuan hartuta, Erostarbek "asteburuaren balorazioa oso positiboa da eta gustura nago egindako lanarekin eta baita taldeak orokorrean egindako lasterketarekin" adierazi du. Casaisek bestalde, "pozgarria izan da taldeko hiru kidek lehenengo hiru postuak egitea bi segunduko tartearekin" esan du eta "oso pozik nago taldekide eta tekniko guztion emaitza eta batez ere jarrerarekin. Gainera, oso esperientzia polita izan da" aipatu du.
Frantziako Tour de Gironde
Junior mailan dabil Ander Blazquez oñatiarra eta asteburuan Frantziako Tour de Gironden aritu da Gipuzkoako Selekzioarekin. Oñatiarrak hiru lasterketa egin behar izan ditu. Larunbat goizean erlojuaren aurkako saioa izan zuen eta lehenengoari minutu bat atera zion, baina "sentsazio onekin" amaitu zuen. Arratsaldean, 98,5 kilometroko lasterketa egin zuen Blazquezek eta "taldea aurreko postuetan joan zen lasterketa guztian zehar, baina azken 500 metroetan gelditu egin nintzen" adierazi du. Azkenik, atzo, 115 kilometro zituen aurretik eta lasterketa hasi eta 20 kilometro eginda, "taldeko liderrari bi gurpil utzi behar izan nizkion eta bizikleta bi aldiz aldatu behar izan nuen. 30 kilometro inguru kotxearen atzetik egin nituen eta pelotoiarekin helmugaratzea lortu nuen" esan du.