Igoera faseko finalean izango da Mekalki Aloña Mendi

Eneko Azurmendi 2019ko mai. 19a, 10:06
Partidu amaieran taldeak zaleekin atera duen argazkia. Argazkia: Imanol Elgarresta.

Finalaurreko benetan zaila zuten oñatiarrek, Donosti Dolphins faboritoen aurka, baina partidu bikaina burutu ostean, alde politarekin nagusitu dira Aitor Ugarterenak (57-70).

Hasieratik indartsu irten da Mekalki Aloña Mendi, eta lehenengo laurden bikaina jokatu dute, "bai defentsan eta baita erasoan ere, gure partidua eginaz". Ugartek dio intentsitate handiko joko erakutsiz, "partidutik atera" dituztela donostiarrak lehen zatian. Horren eraginez, 14 puntuko aldea zegoen atsedenaldian.

Bigarren zatian, "partidua zikintzen" saiatu da Dolphins, "presio handiko defentsarekin" eta erreboteetan "gogor" jokatuz. "Momentu batzuetan azeleratuta jokatu dugu erasoan, baina, oro har, buruarekin aritu gara". Momentu batean 10 puntura gerturatu da Dolphins, baina azkenerako 13 punturen aldea erakutsi du markagailuak.

Entrenatzaileak azaldu duenez, talde guztia partiduan "oso sartuta" egon da une oro, "bai jokatu dutenak, baita aulkitik atera direnak ere". Bestalde, afizioaren laguntza ere azpimarratu gura izan du. "Autobusa beteta ekarri dugu, eta guztion artean atera dugu partidua aurrera".

Finala, datorren astean

Garaipen garrantzitsu honek finalerako ateak zabaldu dizkio Mekalki Aloña Mendiri, eta Ugarterenek datorren asteburuan izango dute igoera lortzeko azken geltoki hori. Horretarako, Atletico San Sebastian taldea menderatu beharko dute.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak