Defentsan lan ona egitea izango da finalerako txartela lortzeko gakoa

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko mai. 17a, 10:00

Bigarren maila nazionalera igotzeko lehenengo lehia izango du Mekalki Aloña Mendik bihar, zapatua. Donostia Dolphins taldearen aurka jokatu beharko dute oñatiarrek; finalerdia irabaziz gero, hurrengo aste bukaeran finala izango dute Tolosan.

Gipuzkoako lehenengo mailako ligan maila ona erakutsita –hirugarren egin du Mekalki Aloña Mendik–, azken fasea jokatuko dute oñatiarrek. Bihar izango da finalerdia, Donosti Dolphins-en aurka –bigarrenak izan dira ligan–, 18:00etan, Aieten. Partidua irabazten duen taldeak finala jokatu beharko du hurrengo aste bukaeran Tolosan –Atletico San Sebastian eta STL Azkune finalerdiko irabazlearen aurka–.

Garaipenean sinesten dute

Aitor Ugarte, Jon Ander Ugarte eta Jokin Blanco ibili dira denboraldian zehar taldea zuzentzen. Taldea ondo ikusten dutela diote: "Aste Santu ondoren pauso bat aurrera egin dugu jokoan", dio Aitor Ugartek, taldeak azken asteetan izan duen gorakada azaltzeko. Donosti Dolphins taldea aurkari "indartsua" izango dela dio Ugartek: "Ligan jokatutako bi partiduak irabazi dizkigute. Hala ere, Donostiako partiduan ondo egin genuen aurrera eta taldeak sinistu egin zuen irabazteko gauza ginela". Hain zuzen, "partidu hartako oroitzapena gogoan" dutela joango direla Donostiara azaldu du entrenatzaileak.

Ligako bigarren defentsa onena

"Urte guztian moduan, finalera iristeko gakoa defentsan egongo da", nabarmendu du Ugartek. Ligako bigarren defentsa onena izan direla gaineratu du entrenatzaileak. Donosti Dolphins taldeko jokalariak handiagoak izan arren, defentsa ona eginez eta errebotean baloiak hartuz kontraerasoan bizkor irteteko estrategia erabiliko dute oñatiarrek. Urte hasieran jarritako helburua partiduz partidu joatea izan dela azaldu du Ugartek; eta, hori horrela, denboraldi "ona" egin dutela. Finalerdiari begira jokalari guztiak izango dituzte jokatzeko gertu oñatiarrek: "Forma onean, gainera", gaineratu du Ugartek. Jokalariek, gainera, zaleen babesa izango dute bihar, Donostian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak