EH Bilduk du Duintasuna elkarteko pentsiodunen konfiantza

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko mai. 6a, 16:25

Eguerdian egin duten agerraldian

Gizarte politikak pertsona guztiengan garrantzia handia dutela adierazi dute eta batez ere adinekoetan. Azken zortzi urtetan Oñatiko Udalak herriari eman dion gizarte zerbitzua "bikaina" izan dela esan dute eta, "hemen geratzen da frogaturik EH Bilduren benetako herritasun sena" gaineratu, adibide batzuk emanaz.

Duintasuna elkarteak deituta agerraldia egin dute herriko hainbat pentsiodunek eguerdian, datozen foru eta udal hauteskundeetara begira euren konfiantza EH Bilduk duela esateko.

Adierazi dute Oñatin hauteskunde ezberdinetatik atera diren Udal Gobernuak ondo ezagutzen dituztela eta azken zortzi urteko EH Bilduren lana gertutik jarraitu dutela, hau ondorioztatuz: "Oñatiko herrian arlo ezberdinetan egindakoaz gainera, gizarte zerbitzuen prestazioak eta zerbitzua jasotzeko, bertako langileekin batera, egin duten lana bikaina izan da". Euren esanetan "biztanle guztien ongizatea sustatzeaz arduratu dira, modu zehatzean hauetan: autonomia pertsonala, menpekotasun egoeran dauden pertsonen prebentzioa eta arreta, bazterkeria egoerak, babesgabetasun egoeran dauden prebentzioa eta arreta, gizartearen sustapena eta larrialdi egoerak". 2014tik hona lanpostu berriak ere sortu dituztela gaineratu dute (berdintasun eta partaidetza teknikariak, gizarte langilea eta zerbitzuen zuzendaria), "eta horiek guztiak lagungarriak izan dira zerbitzuaren etengabeko hobekuntzarako".

Eguneko zentroan plaza kopurua gehitzea, etxez etxeko zerbitzua kontratatzeko lehiaketa prozesua egitea, Bizipoz moduko ekintza berritzaileak bultzatzea eta menpekotasuna duten pertsonentzat etxeko laguntzak ematea ere aipatu dituzte adibide positibo moduan.

Adierazi dute duela hamasei hilabete hasi zirela pentsiodunak kalean agerraldiak egiten euren eskubideak eskatzeko. Horiek lortzeko kalean jarraitu beharko dutela esan dute baina gaineratu borroka ez dela lotu behar bakarrik pentsio publiko eta duinak mantentzeko egiten diren eskerekin. "Herritarren ongizate nahia neurri egokiak hartuta demostratzen da eta hori lortzeko izan da zortzi urte hauetako EH Bilduko udal talde osoaren lana alkatea buru dela. Ibilbide guzti hau ikusita ez dugu zalantzarik hemen elkartu garenontzat gure konfiantza osoa irabazi dutela".

Xabier Oregin 'Panti'-k irakurri du esku orria, Rosa Igartua eta EH Bilduko zerrenda doazen Mertxe Arregi eta Bixente Urrutia ondoan zituela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak