Agintaldiko azken ohiko osoko bilkura egin du Oñatiko udalbatzak

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko mai. 3a, 15:30

Agintaldiko azken ohiko osoko bilkura egin zuen eguenean Oñatiko udalbatzak. Zinegotzietako batzuk hurrengo hauteskundeetako zerrendetan daude eta zeregin horretan jarraitzeko aurkeztu dira. Beste askorendako, ordea, despedida eguna izan zen. Horien artean Mikel Biain alkatearendako eta oposizio buru izan den Lourdes Idoiaga jeltzalearendako. Eskerrak emanez agurtu dira.

Gai zerrendako azken puntuan hitza hartu zuen Mikel Biain alkateak agintaldiak beregan utzi duen arrastoaz berba egiteko eta eskerrak emateko. Bi agintaldiak bakarra moduan hartu dituela aipatu zituen hasieran eta une gazi-gozoen gainetik izandako esperientziarekin eta ikaste prozesuarekin gelditzen dela adierazi zuen, biak aberasgarriak izan direla azpimarratuz. Agian egindako denetan asmatu ez dutela jakitun beti herriaren onurarako lan egiten dutela adierazi zuen eta agintaldian izan dituzten hainbat oinarri aipatu: natura, oinezkoen espazioak, kultura eta sormena edo hezkuntza eragileen arteko mahaia, esaterako.

 

Mikel Biainek eskerrak eman zien udalbatza osatzen duten kide guztiei, izan duten harremana ona izan dela gehituz. Udal langileei ere eman zien eskerrak.

Lourdes Idoiagak 16 urte egin ditu udalbatzan (8 gobernuan -bost eta erdi alkate- eta 8 oposizioan) eta hark ere eskerrak eman zien udal langileei eta baita gainerako zinegotzi denei ere, Biainek esandako moduan batzordeetan izan duten harremana ona izan dela azpimarratuz. Urte hauetan herriaren alde lan egin dutela adierazi zuen proposamen asko eginez, borondatea ez zaiela inoiz falta izan eta zintzoak izan direla gaineratuz. Udalbatza muina dela esan zuen Idoiagak, demokrazia gauzatzen den tokia, ilegalizazio garaian Ereitten herri plataformari batzordeetan parte hartzen utzi zizkioten garaiak aipatuz.

 

Osoko bilkuren aretoa bete egin zen azken ohiko osoko bilkuran. Hurrengo udal hauteskundeetara EH Bilduko zerrendan dauden herritarrak zeuden horien artean, baita EAJko zerrendan agertu diren batzuk ere eta beste  hainbat herritar. Denek, aretoan zeuden herritarrak zein zinegotziek, txalo zaparrada egin zuten Biainen eta Idoiagaren esker oneko agurreko hitzen ostean.

Udalgintza utzi eta beste bide batzuk hartuko dute orain.

 

Agintaldiko agurreko osoko bilkuran, Elikagai Bankuarekin Oñatiko Udalak egindako hitzarmena onartu zuen udalbatzak. Galde erreguetan berriz, Natra-Zahor paretik Santa Lutziara doan bidea arriskutsu dagoela eta egokitzeko eskatu zuen herritar batek.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak