Jende asko mugitzen den lekua dela kontuan hartuta, eta bertan inolako zerbitzurik ez dagoela, taberna bat jartzeko ideia etorri zitzaion burura Jon Mujikari, zerbait egin eta zerbitzu bat eskaintzeko gogoz, hain zuzen.
Berehala, Oñatiko Udalarekin harremanetan jarri eta buru-belarri hasi zen lanean. Hasieran, ohiko taberna bat jartzea zen helburua, baina, bertan eraikinik ez dagoela ikusita, lur eremua Foru Aldundiarena dela eta automobil eta motor mundua gustuko izan duenez beti, autobus bat jartzearen ideia etorri zitzaion burura: "Iragarki bat ikusi nuen, non bertan Euskotreneko autobus bat saltzen zuten; deitu, eta erosi egin nuen. Ondoren, gidabaimena atera nuen".
Hala, autobusa eskuratutakoan, ibilgailua taberna bilakatzeko lanekin hasi zen Mujika: "Egokitzapen lanak, egurrezko altzariak, sukaldea eta kontu horiek guztiak neuk egin ditut. Kanpoaldea margotzeko, aldiz, Arrasateko bi lagunen laguntza ere izan dut".
Eskaintza zabala gozagai
Astelehenetik aurrera, goizetik iluntzera arte, egongo da Sanprubusa Elorregiko Oñatiko lurretan. Kafetegi moduan funtzionatuko du, hasiera batean, baina, behin martxa hartuta, jatekoa ere izango da bertan: "Graduazio baxuko edariak, zerbeza, Kataideko txakolina... ahal den neurrian, inguruko produktuak izango dira tabernan nagusi. Aurrerago, ogia saldu eta sukalde txikian hanburgesak prestatzeko asmoa ere badaukagu", dio Mujikak. Bestetik, irekitzen duten egunetik bertatik, gunean komunak jarri ditzaten sinadura bilketa egingo dute.