Eskaintza zabalarekin dator udako kanpaina

Maialen Regueiro 2019ko mai. 3a, 11:20

Ekainaren 24tik uztailaren 19ra bitartean, hogeita sei kirol ekintzatan parte hartzeko aukera egongo da eta aurten ere zozketa bidez erabakiko da izen-ematea. Patinajea eta eskalada dira arrakasta handien duten ekintzak eta gutxien, berriz, igeriketak. 

Maiatzaren 6an, astelehena, jarriko da abian aurtengo udako kirol kanpaina. Aurten ere, aurreko urteetan bezala, kanpaina horretan izena emateko eguna eta ordua zozketa bidez egingo da. Hala, zozketan parte hartzeko inskripzio-orriak maiatzaren 6an, 7an eta 8an entregatu beharko dira Zubikoa kiroldegian ordutegi honetan: 09:00etatik 13:00etara bitartean goizez eta 15:00etatik 19:00etara bitartean arratsaldez. Inskripzio-orri bakoitzean gehienez hiru umeren izenak eman ahalko dira eta orri bakoitzari zenbaki bat helaraziko zaio zozketara begira. Hala, ume bat orri batean baino gehiagotan balego, zozketarako zerrendako azken zenbakia esleituko litzaioke.

Zozketa

Udako kanpaina honetarako izena ematen duten guztion artean zozketa egingo da maiatzaren 9an, 10:00etan, Zubikoako bulegoan. Zozketako emaitzak kiroldegiko iragarki-taulan eta www.oñati.eus atarian jarriko dira. Horrekin batera, bakoitzak behin betiko izen-ematea zein egunetan eta ordutan egin beharko duen adieraziko da; horiek maiatzaren 13tik 17ra bitartean egingo dira. Egokitutako egunean eta orduan izena ematen ez duenak txanda galduko du eta zerrendako azken zenbaki esleituko zaio. Izan ere, izen-emateak plaza guztiak bete arte onartuko dira. Garrantzitsua da, baita ere, izena emateko orduan, aurrez betetako inskripzio-orriak ondo beteta daudela kiroldegira eramatea. Azken urteetako arrakasta ikusita, Rosa Lasagabaster Kirol teknikariak honako hau adierazi du: "Aurreko urteetako inskripzio kopurua mantentzea espero dugu".

Kirol ekintza zabala

Aurreko urtean izan ziren berritasunak mantendu egingo dira aurten ere. Modu horretan, guztira, hogeita sei kirol ekintzatan parte hartzeko aukera dute gazte oñatiarrek. "2018an, yoga eta pilates gisako kirolak gehitu genituen zerrendara eta uste baino erantzun hobea izan zuten. Beraz, aurten horiek mantentzeko erabakia hartu dugu", esan du Lasagabasterrek. Kirol teknikariaren esanetan, patinajea eta eskalada dira arrakasta duten ekintzak, urtean zehar horiek egiteko aukerarik ez dagoelako. Aldiz, igeriketa izaten da inskripzio gutxien dituen kirola, umeek urtean zehar hartzen dutelako parte ikastaroetan.

Hiru txanda

Kirol arduradunek hiru txandatan antolatu dute aurtengo kanpaina. Lehena ekainaren 24tik uztailaren 5era bitartean izango da eta bigarrena, berriz, uztailaren 5etik 19ra bitartean. Bi horiez gain, Bakarra izendatutako beste txanda bat ere badago, ekainaren 24an hasi eta uztailaren 19an amaituko dena. Kirol ekintza gehienak lehen edota bigarren txandan egitekoak izango dira; mini-tenisa, eskalada, mendiko bizikleta eta patinajea, besteak beste. Hala ere, aquaerobika, igeriketa, golfa eta xakea, adibidez, Bakarra txandan egitekoak izango dira. Kirol ekintza gehienek hitzordu bat baino gehiago izango dute astean, baina k-stretcha, esate baterako, goizez astelehenetan izango da soilik eta arratsaldez, berriz, astearteetan. Prezioari dagokionez, bazkideek prezio bat dute zehaztuta eta bazkide ez direnek beste bat.

Kiroldegitik kanpoko ekintzak

Ekintzak Zubikoako hainbat gunetan egingo dira, igerilekuan, fitness geletan edota kantxan, baina Larraña, Irelore Golf Zelaia eta Oñatiko inguruak izango dira beste kirol batzuk praktikatzeko tokiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak