Zeinek eta zela konbentzitu zintuen zerrendan joateko?
Alderdi sozialistako hainbat kide ezagutzen ditut, eta komentatu zidaten ea Oñatin PSE-EEren alkategai izango ote nintzen. Hasieran lekuz kanpo harrapatu ninduen proposamenak. Izan ere, politika munduan ez naiz sekula aritu. Denbora bat hartu nuen erabakitzeko, eta azkenean animatu egin nintzen.
Kosta egin zitzaizun, beraz erabakia hartzea?
Asko ez, baina ondo pentsatu behar izan nuen honek zer suposatuko duen niretzat, nolakoa izango den, eta abar. Hasieran zalantza batzuk eduki nituen, baina aurrera egitea erabaki nuen.
Ze proiektu egin nahiko zenuke zure herrian, alkate izango bazina edo erabakiak hartzeko aukerarik izango bazenu?
Batetik, haurrendako jolastoki estali eta itxi bat sumatzen dut faltan. Ume asko dago herrian, eta ez dute non jolastu euria egiten duenean. Bestetik, alokairuko etxebizitza gutxi ditugu herrian. Gazteak ikastera etortzen dira, eta ez dute etxebizitzarik aurkitzen. Gabezia handia da hori. Babes ofizialeko etxebizitzei dagokienez, gutxi daude, eta prezioak oso garesti. Arlo hori hobetzeko proiektuak jarriko nituzke martxan. Horrez gain, mugikortasun arazoak ere azpimarratuko nituzke. Auto gehiegi ditugu herrian, eta aparkatzeko arazo handiak. Bizikletak sustatuko nituzke nik, eta alokatzeko aukera eman, Amsterdamen edo beste zenbait lekutan egiten duten moduan. Ibilaldi motzak egiteko, autoa etxean utzi, eta bizikletan mugitu batetik bestera. Modu horretan, gutxiago kutsatuko genuke. Azkenik, enplegua sustatuko nuke, eta lan-baldintza duinak bermatu.
Zure alderdiak non, zein alorretan, eragin nahi du bereziki datozen lau urteotan?
Alor sozialean, gehienbat, laguntza eta eskubide sozialak bermatuz. Orain estatu mailan ere sozialistok gaude gobernuan, eta lan polita egin dezakegu elkarlanean.
Euskarari lehentasuna emango diozue? Sustatuko duzue?
Oñati oso herri euskalduna da, eta euskara asko entzuten da. Ez daukagu euskararen gabeziarik, beste hainbat lekutan daukatena. Euskara indartsu dago hemen, eta guk lehentasuna arlo sozialari emango genioke, lehen aipatu dudan moduan.
Mugikortasunari dagokionez, zer dago hobetzeko Oñatin? Bidegorriak, Herribusa, autobusak...Ondo komunikatuta dago?
Bidegorri aldetik, Oñati ondo dago. Gaizki daukaguna, nire ustez, San Prudentzioko autobus geltokia da –Elorregi auzokoa–. Oso isolatuta gaude, eta geltoki horrekiko dependentzia handia daukagu. Epe luzera begira, tranbia bat jarriko nuke nik, Debagoieneko herriak lotuko lituzkeenak. Autobusak baino gutxiago kutsatuko luke, energia garbiagoa delako elektrizitatea, eta inguruko herriekiko komunikazioa asko hobetuko luke.
Oñati herri parekidea dela uste duzu? Zer dago hobetzeko zentzu horretan?
Gure herria ez da salbuespena. Matxismoarena eta indarkeria matxistarena arazo globala da, eta arlo horretan bide luzea daukagu egiteko oraindik. Lan asko egiten ari gara, baina gehiago egin beharra dugu. Adibidez, lan arloan, gizon gehiago daude lanean emakumeak baino, estatistikoki, eta lan bera egiteagatik emakumeek gutxiago kobratzen dute askotan. Diskriminazio hori bukatu egin behar da.
Kiroldegia berritzeko proiektua zer iruditzen zaizu? Beste modu batera planteatuko zenuke?
Egia esan, oso ondo iruditzen zait. Kiroldegia txiki geratu da, hemen jendeak kirol asko egiten du, eta ondo etorriko zaio herriari kiroldegia handitzea.
Udaletxean ikusiko zaitugu aurrerantzean?
Gustatuko litzaidake, baina ea hauteskundeetan herriak zer dioen. Oñatin sozialistak ez dira egon aspaldiko urteetan, baina esperantza ez da sekula galdu behar. Ikusiko dugu.
Zer da zure herritik gehien gustatzen zaizuna?
Oñati, bere osotasunean, gustatzen zait. Artearen historia asko gustatzen zait, monumentuak oso gustuko ditut, eta Oñati oso herri monumentala da. Arteari dagokionez, asko du eskaintzeko. Horrez gain, daukagun ingurune naturalarekin maiteminduta nago. Oso herri polita daukagu.
Herriko txoko gustukoena?
San Martin da txoko gustukoenetako bat. Txakurrarekin paseoan asko ibili izan naiz inguru horietan, eta gustura egoten naiz han. Horrez gain, Arantzazu ere asko gustatzen zait.
Aisialdian zer gustatzen zaizu egitea?
Mendira joatea. Orain, Mendozan bizita, faltan sumatzen dut mendia. Duru ere nire txokorik gustukoenetako bat da, eta ahal dudanetan, hara joaten naiz.
Deskonektatzen duzu? Nola?
Aurreko erantzunarekin oso lotuta dago hau. Izan ere, mendia leku ezin hobea da deskonektatzeko. Horrez gain, bidaia kulturalak egitea ere gustuko dut, beti ere, artearekin erlazionatutako toki eta gaiak ezagutzeko.
Ikusi dituzu Espainiako hauteskundeetako hautagaien debateak? Ze iruditu zaizu?
Tentsio handia nabaritu da, eta eraso asko. Serioagoak izan beharko lirateke halako debateak. Pedro Sanchez ikusi dut jarrera egokiarekin, eta bera da gobernuburu onena.
Feministatzat duzu zure burua? Zer egin zenuen martxoaren 8an?
Bai. Gasteizko manifestaziora irten nintzen. Egia esan, jende asko elkartu zen, eta arreta piztu zidana izan zen 13-14 urteko neska gazteak ere han ikustea. Adin horrekin dagoeneko kontzientzia izatea oso garrantzitsua da, beharra dago. Ez nuen espero, eta asko poztu nintzen.
Vox eskuin muturreko alderdiaren gorakada ze iruditzen zaizu?
Aparrak bezala, gero behera egingo duela uste dut. Alderdi berriak irteten direnean, zerbait berria denean, interesa sortzen du, baina gero indarra galtzen joaten da. Voxi hori gertatuko zaiola uste dut, eta espero dut.