Eguerdian ekin zioten egunari, txikiteoarekin, eta ostean 35 lagun inguru elkartu ziren bazkaltzeko. Iluntzean, Perlata taldeak eman zion hasiera jaialdiari, eta jende ugari batu zen Pako tabernan.
22:30ean hasi ziren gaztelekuko kontzertuak, Fakta Womens Revenge, Bisonte, Azken Sustraiak eta Against You. "Kanpoko jende asko" etorri zen, Pataren esanetan, bai Pako tabernako kontzertura, baita gaztelekukora ere, eta gustura azaldu dira egunak emandakoarekin. "200 pertsona inguru batu ziren gaztelekuan".
Lehena, baina ez azkena
Julen Kortabarria eta Andoni Pata izan dira jaialdi honen antolatzaile nagusiak. "Mota honetako jaialdi bat antolatzeko gogoa genuen, eta gaztelekuarekin harremanetan jarri ginen. Euren oniritzia jaso genuen, eta guztia martxan jarri".
Atzoko arrakasta ikusita, aurrerantzean urtero antolatzea gura dutela azaldu du Patak. "Txantx Oi! jaialdia urtero egitea da gure asmoa, eta aurten egin dugun moduan, apiril inguruan egitea gustatuko litzaiguke datozen urteetan ere", dio.