EH Bilduk euskal gizartearekin hartutako konpromisoak aurkeztu zituzten astelehen goizean, Oñatin, Mertxe Aizpurua eta Jon Iñarritu Kongresurako Gipuzkoako hautagaiek. ERCrekin sinatu duen akordio estrategikoaren baitan, EH Bilduren konpromiso politikoaren oinarriak hauek izango dira, azaldu dutenez: "Autodeterminazio eskubidearen defentsa, murrizketa sozial eta ekonomikoak iraultzea, politika feministak bultzatzea eta preso politikorik gabeko gizarte baten aldeko lana egitea. Lan erreforma, Mozal legea eta LOMCE atzera botatzeko funtsezkoak izango gara, bai eta pentsioak eta gutxieneko soldata igotzeko ere", argitu zuten bi hautagaiek.