Maila handiko finalean, Andoni Goitia txapeldun

Txomin Madina Milikua 2019ko api. 13a, 22:29

Goitiak herriko txapelketako bigarren txapela eskuratu du buruz burukoan Joseba Lasagabasterri gailendu ostean.

Bertsozale mordoa elkartu dira gaur arratsaldean Oñatiko gaztelekuan Txinparta Bertsolari Txapelketako finala jarraitzeko. Aurreko bi finalerdietatik sailkatutako sei bertsolari ibili dira nor baino nor gehiago: Andoni Goitia, Joseba Lasagabaster, Urko Egaña,  Urko Arregi, Egoitz Aizpuru eta Beñat Alberdi. Eta behin egin beharreko lan guztiak eginda, Goitiarentzat izan da txapela, Oñatiko Bertsolari Txapelketan janzten duen bigarrena.

Mirari Sagarzazuk aurkeztu du finala, eta Egoitz Atxaga ibili da kasu batzuetan herritarrek proposatutakoak izan diren gaiak bertsolariei luzatzen. Finalista guztiek lan ederra egin arren, zenbait akats izan dira buruz burukora zeintzuk igaro erabaki dutenak;  Andoni Goitiak eta Joseba Lasagabasterrek lortu dute hori. Eta azken txanpan, esan bezala, Andoni Goitia izan da nagusi. Oñatiko bertso eskolaren sortzaileetako batek, Xabier San Miguelek jantzi dio txapela, eta irabazleak, bere agurreko bertsoan, orain bi urte zendu zen Tiago Gonçalves izan du gogoan.

"Sentsazio onak izan ditut saio guztian zehar, lasai nengoen oso. Behetik gora joan naiz, eta gustura nago egindako saioarekin. Besteek ere lan ona egin dute, eta saioaren maila nahiko polita izan da", esan du Goitiak behin txapela buruan eta gaineratu: "Gehien gozatu dituan lanak bakarkakoak izan dira. Zortziko txikian ere berotu dugu jendea, baina txapelketa gehienetan bezala, bakarkakoetan izan da momentu goran: bai hasierakoan, bai kartzelakoan".

Txapelketari dagokionez, pozik agertu da txapelduna: "Uste dut maila oso polita egon dela  txapelketa osoan zehar. Hasieran beldur apur bat ere bageneukan, akaso zortzi bertsolari izanda saioak luze joango zirelako. Baina saioak entzungarriak izan dira, jendeak asko gozatu du eta gaurkoa izan da momentu gorena: finala polita, jendea gustura eta neu ere bai".

Finaleko Sailkapena:

1- Andoni Goitia- 393,25 puntu

2- Joseba Lasagabaster: 368,88 puntu

3- Urko Egaña: 190, 5 puntu

4- Egoitz Aizpuru: 189,75 puntu

5- Urko Arregi:  180 puntu

6- Beñat Alberdi: 178,5 puntu

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak