Oñati izan da Korrikak Debagoienean zeharkatu duen lehenengo herria. Eguraldia eta ordua lagun jendetza batu da ibilbide guztian zehar. Udanatik sartu da Korrika Oñatira eta harrera beroa jaso du lehenengo kilometroetatik. 12:00ak pasata iritsi da erdigunera eta handik Elorregirako bidea hartu dute korrikalariek. Oñatiarrei erreleboa emateko zain dituzte bertan bergararrak. Bergaratik Soraluzerantz jarraituko du Korrikak eta domeka goizaldean itzuliko da lekukoa Debagoienera. Goizaldeko 03:00etan sartuko da Aramaio erdigunera, handik Arrasatera, ostean Aretxabaletara, Eskoriatzara, eta azkenik, Leintz Gatzagak hartuko du lekukoa.
11:30eak inguruan iritsi da lekukoa Udana gainera eta Tatarraz taldea izan da lekukoa hartzen lehena, 2259. kilometroan.
Olabarrietatik behera jendez betetako Ugarkalde, San Lorentzo eta Olakua auzoak zeharkatu ditu 12:00etatik gutxira eta Kale Barrian behera jarraitu du. Kaleak gainezka zeuden eta erritmoa pixka bat jaitsi dute. Ostean, Kale Zaharretik Zubillagarako bidea hartu du. Ordurako zain zituzten bergararrak Elorregin erreleboa hartzeko prest.