Gai-jartzaile lanetan Mirari Sagarzazu eta Egoitz Atxaga ariko dira. Gaiak, ordea, herritarrek proposatutakoak izango dira. Izan ere, txapelketa hasi zenetik apirileko lehen asteburura bitartean gai kutxak egon dira hainbat tabernatan, herritarrek finalerako gai proposamenak aurkeztu zitzaten. Gai-jartzaile taldeak bildu, landu eta egokitu egin ditu proposamenok, biharko saioan bertsolariei planteatzeko.
17:30ean zabalduko dituzte gaztelekuko ateak eta saioa 18:00etan hasiko da. Gainera, saioak irauten duen bitartean, barra irekita egongo da.
Elkarlana herriko eragileekin
Herriko eragileen arteko elkarlana bultzatu dute, eta banatuko diren sari guztiak Oñatiko artisau, ekoizle edo Eltziako kideek sortu eta ekoitzitakoak izango dira. Hala, bertsolariek jasoko dituzten sariez gain, gaiak proposatu dituztenen artean ere zozketa egingo dute.
Txapela, Xabier San Miguelek
Txapela jartzeko ardura Xabier San Miguel Oñatiko Bertso Eskolaren sortzaileetako bati ematea erabaki dute, "urte luzez bertso eskolaren alde eta herriko bertsozaletasuna bultzatuz egin duen lanaren aitortza gisa". Zortzigarren txapela izango da. Aurrez, Andoni Goitiak (2014), Maider Arregik (2012), Joseba Lasagabasterrek (2008), Josu Igartuak (2007), Andres Kortabarriak (1968 eta 1969) eta Rufino Alkortak (1965) jantzi dute.