Argazkilaritzak mugarik ez duela erakutsi nahian

Eneko Azurmendi 2019ko api. 12a, 09:44
Antonio Guerra eta Elisa Gallego artisten erakusketa gaur zabalduko dute, Gandiaga Topagunean.

Antonio Guerraren eta Elisa Gallegoren erakusketa inauguratuko dute gaur Gandiaga Topagunean, 19:00etan. "Argazkilaritzatik harago" doan erakusketa izango da, "bi obraren arteko elkarrizketa" islatzen duena, eta hilabetez egongo da zabalik.

Argi festibala bigarren asteburuan sartzera doa, eta ezohiko erakusketa baten inaugurazioa izango da horren lekuko. Arantzazuko paisaia izango da erakusketaren ardatza: "Paisaiari buruzko erakusketa klasiko batetik harago doa hau. Guk diogu paisaiak paretatik atera egiten direla, eskulturaren laguntzarekin", azaldu du Gallegok. "Proiektu berri bat daukat, Arantzazuko paisaiari erreferentzia egiten diona. Oñatin material bila ibili naiz, hemengo paisaia ahalik eta ondoen islatzeko. Antoniorena, berriz, lehenagoko obra bat da, hemengo paisaiara egokitu duena", gaineratu du.

Paisaia "begiradarekin" eraikitzen da, Gallegoren esanetan, eta erakusketa hau "kontzeptuaren gaineko hausnarketa bat da, azken finean".

Antonio Guerraren obrari dagokionez, "paisaiaren transformazio prozesua" lantzen du, "irudiaren bitartez". Horretarako, hainbat formatu erabili dituela dio. "Argazkiak, eskulturak, instalakuntzak... Era berean, paisaiaren transformazio hori argazkiaren transformazioarekin lotzea ere gura izan dut".

Erakusketa honen helburuetako bat da "ikuslea identifikatuta sentitzea inguruan daukagun paisaiarekin".

Deialdi ireki baten ondorioz

Ilunpetan Argazki Taldeak elkarlanean aritu izan da aurreko edizioetan ere Arantzazu Gaur fundazioarekin, eta formatu ezberdinak landu izan dituzte. "Aurtengoari dagokionez, deialdi ireki bat egin genuen lan batzuk aukeratzeko. Bi pertsona aukeratu gura genituen, euren lanetan oinarrituta, eta saria izan da 15 eguneko egonaldi artistiko batean bien lanak bateratzea eta erakusketa bikoitz baterako lanketa bat egitea", azaldu du Itziar Baztarrikak, Ilunpetaneko kideak. "Hala, bi astez buru-belarri lanean aritu dira biak. Zoriondu egin behar ditugu, lan izugarria egin dutelako. Haiek ere oso gustura aritu dira, jende askorekin harremanetan jarriz".

Bookjockey saioa

Iaztik hona errepikatuko den ekintzetako bat bookjockeya izango da. "Argazkilaritzara gerturatzeko beste modu bat da hau. Oso arina, freskoa eta atsegina", dio Baztarrikak. "Daniel Garcia Valero etorriko da, Madrilen bizi den bergararra. V de Bergara lana aurkeztuko du. Berarentzat erreferentzia izan diren lanekin istorio kontakizun bat egingo du eta bukatuko du bere lan propio hori aurkezten". Bihar, zapatua, 22:00etan, udaletxeko arkupean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak