"Nola ikusten gaituzte kanpotik datozenek? Zer iruditzen zaie gure herria?", galdera horiei erantzuna topatzeko "elkarbizitza-ariketa" bat egitea proposatu zien Ilunpetan Argazki Taldekoek azkeneko hilabeteetan Larraña Etxean bizi diren etorkinei eta baita Auzoko programan parte hartzen duten lagunei ere. "Argazki kamara batzuk banatu genizkien eta gura zituzten argazkiak ateratzeko eskatu genien bestelako baldintza barik. Denetik jaso ditugu, kalekoak zein auzoetakoak, paisaiak zein erretratuak... Harrituta eta pozik gaude emaitzarekin", azaldu dute Ilunpetan taldekoek.
Iluntzean egin dute inaugurazio ekitaldia, eta han ziren argazkilari lanetan jardun duten asko, pozik eta harro horiek ere, euren lanak Eltzia Topaguneko hormetan eskegita ikustean. Argazkiak izan dira askotariko jatorrietako herritarrak Eltzian batzeko aitzakia, eta aukera paregabea bilakatu dena Auzoko programakoek prestatu dituzten jakiak dastatu bitartean, elkar ezagutzeko. Maiatzaren 5era bitartean izango da Beste begirada bat bilduma ikusgai.
Kaleak, erakusketa-areto bihurtuta
Eltzian gainera, herriko txoko askotan daude askotariko argazkiak ikusgai: herriko dendetan, Argizaiola lehiaketakoak aurki daitezke; Foruen Plazan, Nagore Legarretaren Ibaia ez da leku bat eta Aitziber Orkolagaren Plaketak; Mendi Urruzunoren Barrubaso, Antixena parkean, eta herriko kaleetan zehar dago, Ispiluak izenekoa. Erakusketez gainera, Kaxa Estenopeikoa instalaziorako tresneria ere prest dute Foruen Plazan, euriaren eraginez ezin izan dute gaur estreinatu.
Datorren astean beste bi erakusketa zabalduko dituztela gaineratu dute argazki taldekoek: gaur inprenta-arazoengatik jarri ezin izan duten Xabier Atxaren Gu, Berdura plazan, eta Arantzazun apirilaren 12an inauguratuko duten Argi Arantzazu bilduma, Elisa Gallego Picarden eta Antonio Guerraren eskutik.