Aukerekin bueltatu gura dute liderraren etxetik

Eneko Azurmendi 2019ko api. 5a, 12:04

Denboraldiko une erabakigarrian sartuta dago Aloña Mendi, eta geratzen diren lau partiduetatik bi aurkari zuzenen aurka jokatuko dituzte Endika Ruizen mutilek; lehen 'finala' bihar jokatuko dute, Azpeitian, Lagun Onak liderraren aurka, 17:45ean.

Lau partiduren faltan, Lagun Onakek 57 puntu ditu, Urolak 56 eta Aloña Mendik 53. Lehenengo sailkatua Erregional Ohorezko Mailara igoko da zuzenean eta bigarren sailkatuak, berriz, beste multzoko bigarrenaren aurka jokatu beharko du kanporaketa, bi partidutara, igoera lortzeko –etxean eta kanpoan–. Geratzen diren lau norgehiagoka horietatik bi azpeitiarren eta zumarragarren aurka jokatuko dituzte oñatiarrek, "onerako edo txarrerako", Endika Ruiz entrenatzailearen esanetan. "Irabazten badugu, borrokan jarraituko dugu eta galtzen badugu, berriz, zail jarriko zaizkigu gauzak. Hiru partiduren faltan alde txikiak ere handiak dira", adierazi du.

Ruizek garbi du dagoeneko ezin dutela hutsik egin. "Gauden lekuan egonda, ez dugu huts egiteko aukerarik. Ez badugu hutsik egiten, aldiz, Urolaren aurkako partidura, azken jardunaldira, bizirik iritsiko gara, eta hori polita izango da".

Horra heltzeko, baina, biharko finala-ri egin beharko diote aurre lehenik. "Goiko taldea Hirugarren Mailan dauka Lagun Onakek, baina, bigarren taldea izanda ere, oso maila ona dute. Azpeitiko jokalariak dituzte, gehienbat, gazteak zein esperientzia handiagoa dutenak. Ligako talde onenetakoa da", dio Ruizek. Garmendipe futbol zelaian izango da lehia, 17:45ean.

Denboraldiarekin pozik

Aukerekin iritsi dira oñatiarrak denboraldiko une erabakigarrira, eta "pozik" dago Ruiz horrekin. Pena apur bat azaldu du, ordea, etxean "irabazi beharrekoak ziren partidu batzuk" ezin izan dituztelako irabazi. "Hala ere, gure alde esango nuke atzean ere ez garela geratu. Azken tren horiek harrapatu egin ditugu eta borrokan jarraitzen dugu". Taldearen sentsazioak "onak" direla aitortu du. " Momenturik politenak orain datoz, denboraldiko urduritasun eta emozio handieneko partiduak izango dira datozenak, eta partidu hauek jokatu ahal izateko eskubidea guk irabazi dugu. Ilusioz eta gogoz gaude".

Helburua baino gehiago, ilusioa

Entrenatzailearen esanetan, mailaz igotzea ez da helburu bat izan behar, "ilusio" bat baizik. "Ez da mundua bukatzen igoera ez badugu lortzen. Belaunaldi aldaketek eragin handia dute etxeko jokalariekin bakarrik aritzen zarenean, eta hori nabaritu du Aloñak. Baina orain bide onean goaz, taldea geroz eta indartsuagoa da, eta hori izan behar da benetako helburua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak