Produktuen bilketa egiten ari da Hotz Oñati

Oihana Elortza 2019ko api. 4a, 15:39

Jakiak eta higienerako produktuak batzen hasi da dagoeneko Hotz Oñati elkartea herriko bost supermerkatutan. Ia 100 herritar ari dira boluntario moduan bilketa antolatzen. Batutako guztia Greziako errefuxiatuen gunera bidaliko dute. 

Janari eta garbitasun produktuen bilketa egiten ari da Hotz Oñati. Gaur hasi eta bihar eta asteburuan zehar egingo da bilketa. Greziako errefuxiatu-guneetara bidaliko dute batutakoa. "Ikaragarria da herritarren elkartasuna. Gaur hasi gara kaxak batzen eta oso pozik gaude", esan du Hotz Oñatiko Edurne Bikuñak eguerdian.

Produktuak

Herriko supermerkatuetan ari dira bilketa egiten: Lezesarri eta Errekaldeko Eroskin, Super BMn, Errekaldeko dendan eta San Miguel Kooperatiban. Eta batu gura dituzten produktuak bi multzotan banatuko dituzte: elikagaiak, batetik –dilistak, babak, garbantzuak, arroza, makarroiak, arrain, barazki eta lekale kontserbak txerrikirik gabe–, olioa eta haurrentzako esne-hautsa eta higienerako produktuak, bestetik –haurrentzako pixoihalak, toallatxoak eta konpresak–.

Boluntarioak

Urteko bilketa nagusia da hau Hotz Oñati elkartearendako: hiru egunetan herriko bost supermerkatutan eta eten barik, denden ordutegiaren barruan. Denda guztietan egongo dira bizpahiru herritar jendearen ekarpena batzeko eta kaxetan sartzeko; ia 100 lagun lanean, guztira. "Txanda bakoitzean bi lagun egongo dira, gutxienez. Beste batzuk biltegian egongo dira kaxa guztiak ondo antolatzen eta beste batzuk garraioaz arduratuko dira. Laguntzaile asko behar genituen eta pozik gaude izan dugun erantzunarekin. Larrañako hemezortzi lagun ere gertu daude laguntzeko, eta baita beste sei saharar ere. Asko elkartu gara", dio Bikuñak.

Greziara

Joan den urteko bilketan, ia zazpi tona produktu batu zituzten eta aurten beste horrenbeste, behintzat, jasotzea espero dute. Batutako guztia, hori bai, Greziara bidaliko dute, hango errefuxiatu-guneetan banatzeko. Hain zuzen ere, duela aste batzuk han izan zen Hotz Oñatiko kide Xabi Gesalaga, Lesbosen, Zaporeak elkartekoekin, "galdu eragin zaien duintasuna otordu duin batekin bueltarazten laguntzen". Hemendik bidalitako janariarekin otorduak prestatzen ibili da, besteak beste, "sukalde lanak egiten". 1.300 otordu inguru ematen zituen egunero beste hainbat boluntariorekin batera. Hango hainbat errefuxiatuen egoerak ere gertutik ezagutu ditu Xabi Gesalaga oñatiarrak. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak