Euskal garagardo azoka egingo dute zapatuan Berdura plazan

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko api. 3a, 11:36
Euskal garagardo mota ezberdinak egongo dira probatzeko (Argazkia: public domain pictures)

Euskal Herriko zazpi garagardo egile etorriko dira zapatu arratsaldean Oñatira; hemezortzi garagardo mota egongo dira probatzeko. Lidergo eta ekintzaile graduko ikasleak izandako talde batek antolatu du. Jatekoa ere egongo da.

Duela urtebete euskal garagardo artisauaren munduan hasi ziren lanean Mondragon Unibertsitateko lidergo eta ekintzaile gradua egin duten ikasle batzuk. "Ikusi genuen marka handiek dutela bereganatuta merkatua eta garagardo artisauek oso zaila dutela merkatu horretan sartzea. Garagardo artisauaren azoka bat antolatzea pentsatu dugu ezagutzera emateko Euskal Herrian ditugun markak, ekoizle txiki horiei lagundu. Ordizian eta Villabonan egin izan dituzte euskal garagardoen azokak eta pentsatu genuen Oñati ere toki aproposa izan zitekeela horrelako beste bat antolatzeko, eta horixe egin dugu", dio Alberto Martinezek, Kimera elkarteko kideak.

Martinezek adierazi duen moduan, zapatu arratsaldean izango da garagardo azoka Berdura plazan, 17:00etatik gau erdira. Zazpi euskal garagardo egile etorriko dira: Gipuzkoarrak hiru (Baobeer, Pagoa eta Borbor), bizkaitarra bat (La Txika de la Cerveza) eta Nafarroako hiru (Sesma Brewing, Brew and Roll eta Kondaira). "Egileak eurak etorriko dira eta zerbeza nola egiten duten, noiztik, euren historia zein den edo bestelako azalpenak emateko prest egongo dira", dio Martinezek.

Garagardoa edateko, 33 cl-ko basoak salduko dituzte bi eurotan; zuritoak bi euro balioko du eta kañak hiru euro. Goierriko talogileak ere egongo dira. Musika ere jarriko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak