Andoni Goitiak irabazi du Txinparta Bertsolari Txapelketako bigarren finalerdia

Mireia Bikuña 2019ko mar. 31a, 18:50
Joseba Urzelai, kantatzeko gaia entzuten.

235,4 punturekin finalerako sailkapen zuzena lortu du. Haren atzetik sailkatu dira: Urko Arregi (231,3 puntu), Egoitz Aizpuru (226,9), Aitor Tatiegi (214,5), Odei Irigoien (204), Joseba Urzelai (198), Aritz Irigoien (195,9) eta Gontzal Belategi (186,6). Final handia, apirilaren 13an jokatuko da, Oñatiko gaztelekuan.

Lepo bete da Eltziako Topagunean bigarren finalerdia ikusteko. Bizi eta bero ekin diote saioari bertsolariek. Zortziko nagusian maila handia egon zen lau bikoteen artean. Baina, bereziki da aipagarria Urko Arregik eta Egoitz Aizpuruk egindako saioa.

Zortziko motzean saioaren mailak behera egin du apur, hein handi batean neurriaren zailtasunak eta aurretik egindako lan onaren ondorioz. Bertsoaldi oparoena Andoni Goitiak eta Aitor Tatiegik osatu dute. 

Segituan, launakako kopla saioa egin dute. Bi saioetan egon ziren ateraldi politak, eta umoretik goxatu dituzte bertsolariek bertaratutakoen belarriak.

Azken saio puntuagarria, kartzelakoa izan da. Launaka egin dute kartzelarako bidea, eta bi puntu erantzun eta gai bati bertso bakarrarekin osatu dituzte arratsaldeko eginbeharrak. Alor honetan, aipatzekoak dira Urko Arregiren puntu erantzunak, eta baita Andoi Goitia saioaren irabazlearen bakarkako lana ere.

Finaleko seikotea

Txapelketaren oinarrien arabera, honakoak dira finalean bertsotan arituko diren sei bertsolariak:

  1. Andoni Goitia: 235,4 (sailkapen zuzena)
  2. Joseba Lasagabaster: 234,4 (sailkapen zuzena)
  3. Urko Egaña: 234,4
  4. Urko Arregi: 231,1
  5. Egoitz Aizpuru: 226,9
  6. Beñat Alberdi: 226,3

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak