Gasteizko erradiografia
Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxetik jaso zuen Ezkerrok proiektu hori egiteko proposamena. Hasiera batean, Gasteizko Euskaraldiaren making off-a egitea zen ideia, baina proiektu txiki horretatik handiago bat irten zen eta, azkenean, dokumental honetan, Euskaraldia aitzakia izanik, Gasteizko erradiografia jasotzen da; euskararen egoerarena, alegia. Ikus-entzunezkoa egiteko, Gasteizko komunikabideak –Alea eta Hala Bedi Irratia–, euskaltegiak –AEK eta IKA–, Euskaraldirako sortutako hainbat elkarte eta herritarrak elkarrizketatu dituzte, besteak beste. Irati Anda eskalatzaile gasteiztarrak eta Askoa Etxebarria flamenko dantzariak, esaterako, Gasteizen euskarak duen egoeraren inguruko hausnarketa egin dute ikus-entzunezkoan. Euskaraldiko abestia eta bideoklipa bertsionatu egin zituen Ezkerrok, dokumentalean erabiltzeko.