Igoera fasea jokatzeko azken pausoa falta zaie

Eneko Azurmendi 2019ko mar. 29a, 10:24

Jon Zelaia oñatiarra baloiarekin, Bosteko Irauli taldearen aurkako partidu batean, Zubikoan.

Denboraldi bikaina egiten ari da Mekalki Aloña Mendi, eta asteburuan lor dezake igoera fasea jokatzeko txartela. Donosti Dolphins talde indartsuaren etxean jokatuko dute Aitor Ugarteren mutilek bihar, baina galduta ere ziurtatu dezakete helburu hori, Hernanik ere galdu egiten badu.

Lehenengo lau sailkatuek jokatuko dute igoera fasea. Bost jardunaldi falta dira liga erregularra bukatzeko, eta Mekalki Aloña Mendik Hernanik baino bost partidu gehiago ditu irabazita –bosgarren sailkatua da Hernani–. Beraz, oñatiarrek partidu guztiak galdu beharko lituzkete kanpoan geratzeko, eta Hernanik guztiak irabazi. "Average-a euren alde dago, baina oraindik euren aurka jokatu behar dugu Oñatin. Egia da egoera ondo bideratuta daukagula, baina, badaezpada, berdinketak saihesteko, ahalik eta partidu gehien irabazten saiatuko gara", adierazi du Aitor Ugarte entrenatzaileak.

Esan moduan, liga erregularreko lehenengo laurek jokatuko dute igoera fasea, eta lehenengo sailkatuak lehentasuna izango du finalaurrekoak bere kantxan jokatu ahal izateko –finala non jokatu Federazioak erabakitzen du–. Ezusteko handirik ezean, Atletico San Sebastian, Mekalki Aloña Mendi, STL Azkune eta Donosti Dolphins taldeek jokatuko dute igoera fase hori. Ugarteren esanetan, azken horiek dira faboritoak. "Donosti Dolphins da talde indartsuena. Atletico San Sebastian ere talde ona da, baina, finalaurrekoan talde bat saihestekotan, Dolphins saihestuko nuke. Oso talde sendoa eta osatua da. Gaztetan Euskal Ligan aritutako jokalariak dituzte, esperientzia handikoak eta maila onean jokatzen ohituta daudenak", dio.

Hain zuzen, talde donostiarraren aurka jokatuko dute bihar, zapatua, oñatiarrek. Donostiako Benta Berri kiroldegian izango da hori, 16:00etan.

Denboraldia borobildu guran

Indartsu hasi zuten denboraldia Ugarteren mutilek, lehenengo zazpi partiduak irabazita. "Talde potoloei ere irabazi egin genien etxean". Bigarren itzuliaren hasieran, berriz, beherakada txiki bat eduki zuten. "Lau partidu etxetik kanpo jokatu, eta bi galdu genituen".

Denboraldiko une erabakigarrira maila onean iritsi diren arren, entrenamenduetan "jende gutxi" egoten direla nabarmendu du entrenatzaileak. "Lana eta ikasketak direla eta, gutxitan entrenatzen dugu guztiok batera. Astelehenetan batzuek entrenatzen dute, eta eguaztenetan beste batzuek. Modu horretan, partiduak ez ditugu behar bezala prestatzen, eta gero, kosta egiten zaigu irabaztea". Hala ere, igoera fasea gerturatu ahala, jokalariek erantzun egingo dutela dio. "Aste Santu ostean gogorrago entrenatzen hasiko gara, igoera fasera ahalik eta ondoen iristeko", gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak