Ohitura osasuntsuen orientazio zerbitzua egongo da Oñaiko osasun etxean apiriletik aurrera. 60 urtetik gorako herritarrendako zerbitzua da (herritarren %23a gutxi gorabehera), euren funtzionalitatea hobetzen laguntzeko, "bizi ohitura aktiboagoak" sustatzeko. Berez zerbitzu honen helburua ez da gaixotasuna sendatzea, "herritarraren funtzionalitatea" hobetzen laguntzea baizik. "Adibidez erorketak saihesten, hauskorrak badira indartzen...", dio Kizkitza Alustiza erizainak.
Beñat Agirreurreta izango da zerbitzua eskainiko duen aditua. Prozesua, baina, herritarra medikuarengana doanean hasiko da. "Guk argi ikusten dugu ariketa fisikoa ona dela kontsultara datozen herritarrendako baina ez dakigu nola edo zer aholkatu. Beharrezkoa ikusten genuen horrelako zerbitzu bat eta oso pozik gaude laster jarriko dela ikusirik", dio erizainen koordinatzaileak, Kizkitza Alustizak.
Medikuarengana doan herritarrari hainbat galdera egingo dizkiete medikuek eta erizainek eta diagnosi horrekin orientazio zerbitzuko espezialistarengana joango dira, Beñat Agirreurretarengana. Honek txosten hori aztertu eta pertsona horri ondoen dagokion ariketak proposatuko dizkio. "Horietako batzuk hemen, osasun etxean bertan, egingo dira baina herriko azpiegiturak ere aprobetxatuko ditugu ariketak egiteko", dio Egoitek enpresako kirol langileak.
Gizarte Zerbitzuetatik ere bai
Udaleko gizarte zerbitzuetako teknikariek ere bideratuko dituzte herritarrak zerbitzu honetara. "Pertsonak duen dependentzia ikusita iruditzen bazaigu lagungarria izango zaiola zerbitzu hori, hara joateko gomendatuko diogu, adierazi du gizarte zerbitzuetako udal teknikari Itxaro Leibarrek.
Astean birritan
Apirilaren 15etik aurrera egongo da martxan zerbitzua baina osasun etxeko langileak datorren astetik aurrera hasiko dira anbulatorioan artatzen dituzten herritarrei diagnosiak egiten. Gero, astean birritan egongo da erabilgarri ohitura osasuntsuen orientazio zerbitzua, astelehenetan eta eguaztenetan (egun baten goizen eta bestean arratsaldez)
Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaritza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzua eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, elkarlanean, Mugiment egitasmoa bideratzen ari dira, euskal gizarte aktiboa lortzeko xedearekin. Eta hemen sartzen da Oñatiko orientazio zerbitzua, Oñatiko Udalaren eta Osasun Zerbitzuaren laguntzarekin. Zerbitzu hau jarri duten Gipuzkoako 19. herria da Oñati.