Irene Loizate eta James Michael Teagle txapeldunak 27. Oñatiko Duatloian

Mirari Altube Arrese 2019ko mar. 23a, 20:48

Iazko hutsunea atzean utzi eta Oñatiko Duatloia itzuli da aurten, zelan itzuli, gainera. Aparteko eguraldia, kaleak herritarrez beteta eta 200 atletatik gora nor baino nor gehiago. Irene Loizatek ez du aurkaririk izan lasterketa guztian, eta gizonezkoetan, Erresuma Batuko James Michael Teaglek lasterketa ikaragarria egin du Gonzalo Fuentes taldekidearekin batera.

Hamabost emakumezkoek 16:00etan ekin diote probari eta hasieratik jarri da buruan Loizate bizkaitarra. Buruan jarri bakarrik ez, laster atera dio alde handia bigarrenari, orain dela bi urteko probako irabazle Helene Alberdiri; baita horrek ere hirugarrenari, Beatriz Lalagunari. Atzetik, ostera, taldetxoa osatu dute lauzpabostek, horien artean Miren Josune Bikuña oñatiarra zegoen.

Probaren lehen zatia –korrika 5 kilometroko bi buelta– halaxe eman dute bakoitza bere lasterketan sartuta. Bizikletak hartu dituztenean ere ez da alde hori murriztu, 3 minutu ingurukoa zen. Hala, antxintxika egindako azken bueltaren ondoren, ezustekorik ez eta Loizate izan da lehenengo helmugaratzen; haren atzetik sartu dira Alberdi eta Lalaguna.

Teagle eta Fuentes hasieratik buruan

Hamar minutu beranduago hasi dute proba gizonezkoek, eta taldearen buruan jarri dira hasieratik ANB Triathlon Team taldeko James Michael Teagle eta Gonzalo Fuentes. Erritmo bizia jarri dute eta poliki-poliki atzean uzten joan dira inguruan zituztenak; hala, antxintxikan egin duten bigarren bueltarako bakarrik ziren biak. Bizikletaren txanda iritsi denean, baina, atzean geratu diren Jabier Goitiak eta Ruzafak bat egin dute, eta aurretik zihoazen biak harrapatzen saiatu. Baita lortu ere. "Harrapatu bai, baina ezin izan diegu alderik atera. Eta bagenekien korrika hasterakoan gu baino gehiago izango zirela ANB taldekoak", adierazi du bukaeran Goitiak. Hala, helmugan lehenengo Teagle eta segundu gutxitara Fuentes; hirugarrena Goitia izan da eta laugarrena Ruzafa valentziarra. Mikel Ugarte oñatiarrak ere aparteko lasterketa egin du eta seigarren helmugaratu da.

Estimu handian duten proba dela erakutsi dute atleta askok, eta gaur, bero pasatzea tokatu arren, "sufritu", baina ere berean, "gozatu" ere egin dutela adierazi dute. Hainbatek izan dituzte kalanbreak, baina gainerako arazorik ez. Antolatzaileak ere "pozik" ziren bukaeran ez delako ezustekorik izan eta herriko kaleetan giro ona nagusitu delako beste behin.  

Sailkapenak

Emakumezkoak

Gizonezkoak

Erlazionatuak

Oñatiko 27. Duatloia argazkitan

Mirari Altube Arrese 2019 mar 23 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak