'Odolusteak', Dwingi Dwingi-ren film laburra

Amaia Igartua 2019ko mar. 22a, 09:05

'Crowdfunding' kanpainaren hasierako helburua astebetean bete dute Dwingi Dwingi taldekoek. Bertan bildutako dirua 'Odolusteak' film laburraren gastuei aurre egiteko bideratuko dute. Irailean aurkeztuko dute film laburra, Oñatin

Film Laburren Rallyan esperientzia handikoak dira Dwingi Dwingi taldea osatzen dutenak. Aipatzekoak dira Oñatiko Film Laburren Rallyan eskuratutako ikusleen hiru sari, 2015eko bigarren saria eta azken edizioko lehen saria. Aurten, Oñatiko jendearen parte hartzearekin eta elkarlanarekin sortu, ekoiztu eta grabatuko den hogei minutu inguru iraungo duen film laburra egitea erabaki dute.

"Oñatiko Film Laburren Rallyan, hiru minutuko film laburra egiten dugu hamar ordutan urtero. Baina beti izan dugu buruan film labur luzeago bat egitea. Aurreko bi urteetan 2057 Odisea bat kanposantuan eta Lope filmek Oñatin izandako harrera positiboa ikusita, eta aurreko film rally edizioetan, gainera, hainbat sari irabazi ondoren, aurten denbora hartu dugu eta animatu egin gara", azaldu du Dwingi Dwingi taldeko Mikel Maiztegik.

'Crowdfunding' kanpaina

Bestetik, Odolusteak film laburrak izango dituen gastuei aurre egiteko, crowdfunding kanpaina jarri dute abian; Verkami atarian,
hain zuzen. "Crowdfunding kanpaina oso ondo joan da. Oso azkar lortu genuen gure helburua, eta, denbora luzez geldi egon den arren,
asteburuan sare sozialetan eta Whatsappen kanpaina txiki bat egin ostean berriz ere lortu dugu igoera bat", adierazi du Maiztegik.
"Jendeari eskerrak ematea besterik ez zaigu gelditzen. Hasieran ezarritako helburua gainditu dugun arren, baliabide gehiago izatera bideratuko dugu bildutako dirua; alokatutako materiala, atrezzoa, dietak, soinu teknikaria, eta abar", gaineratu du.

'Odolusteak'

"Film laburraren istorioa pentsatuta genuen aurretik, eta, gutxi gorabehera, idatzita dago. Orain, gidoi teknikoagoa egiten ari gara, baina ezin dugu jakinarazi zer izango den Odolusteak", azpimarratu du Mikel Maiztegik. "Proiektu honetan herriko jendeak parte hartzea nahi dugu.
Herritarren parte hartzearekin egindako film laburra izango da Odolusteak", gaineratu du.

Apiril amaierarako gidoia amaituta izatea dute helburu eta maiatzetik ekainera bitartean egingo dituzte film laburraren grabaketak. Hain zuzen ere, irailean, Oñatiko jaien bueltan, herriko antzoki batean aurkeztuko dute Odolusteak film laburra, baina oraindik ez dute data eta toki zehatzik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak