18-15 irabazi dute Emakume Master Cup Txapelketako finala Etxegaraik eta Osesek

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko mar. 17a, 16:14
Etxegarai eta Oses txapela jantzita, gaur, Zumarragan.

Bete egin da Zumarragako Beloki pilotalekua Laboral Kutxa Emakume Master Cupeko finalak ikusteko. Bi partida jokatu dira, lehena Oñatiko bikoteak lehiatu beharreko promozio mailako norgehiagoka izan da. Hasiera ez da samurra izan, baina txapela ekarri dute etxera Etxegaraik eta Osesek.

Aurretik jarri dira Granado eta Lakuntza partiduko lehen txanpan eta 2-8 izan da markagailua. Hortik aurrera, ordea, aldatu egin dira gauzak eta egoerari buelta emateko gauza izan dira bi oñatiarrak. Tanto politak utzi ditu norgehiagokak. Berdinketa ere heldu da; 12-12, eta 13-13 ere bai.

Hortik aurrera, gazteak nabarmendu dira, eta final lehiatua izan bada ere garaipena eskuratu dute. Etxegaraik eta Osesek 18-15 hartu dituzte mendean Granado eta Lakuntza. "Bagenekien partidua ez zela samurra izango, baina edukiko genituela gure aukerak eta horrela izan da".

Giro aparta harmailetan

Festa izan da nagusi finalak ikustera gerturatu diren debagoiendarren artean. "Oso pozik gaude pila bat jende etorri delako partidua ikustera. Oñatitik jende pila etorri da", esan du Osesek. Eta halaxe izan da. Bertan ziren, besteak beste Aloña Mendiko pilota saileko ordezkaritza zabala, klubeko arduradunak eta baita Mikel Biain alkatea ere. Bergaratik ere izan da taldetxoa. Tartean zen pilota eskolako Reyes Azkoitia.

Partiduan zehar zein sari banaketan lagunen eta jarraitzaileen babesa jaso dute bi pilotari gazteek. "Ondo ospatu dugu. Sariak jaso ditugu eta argazkiak atera ditugu. Oso pozik gaude", esan du Osesek. "Orain, etxean dugu txapela eta oso gustura gaude. Aurrera jarraitzea da asmoa eta urrian Banakako Master Cup txapelketan lehiatuko gara. Ea posible dugun maila berean jarraitu".

Errekonozimendua Aloña Mendiri

Sari banaketan txapelketako antolatzaileek errekonozimendu berezia egin diote Aloña Mendi Pilota klubari. Txapelketan egindako ekarpenagatik jaso dute aitortza oñatiarrek.

Lehen mailako finala

Bi final jokatu dira gaur Zumarragan. Lehen mailako finalean Garai eta Etxaniz erraz nagusitu dira. Bost tantoan utzi dituzte Arrillaga eta Espinar. Amaierako markagailua 5-22 izan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak