Bulkada Eguna ospatu dute Antixena gaztetxean

Amaia Zabala 2019ko mar. 17a, 11:07

Bulkada Eguna ospatu zuten atzo Oñatiko Antixena gaztetxean, Ernaiko gazte antolakundeak apirilean ospatuko den Gazte Topagunera begira herri ezberdinetan antolatu dituen Bulkada Egunen baitan. 19:00etan 'Oraina borrokatzeko koordenadak' hitzaldia izan zuten Olaia Matxain Ernaiko kide oreretarraren eskutik eta ondoren John Dealer and The Coconuts eta Txarrikumeak taldeen kontzertuak izan zituzten.

"Ernaik aurreko ikasturtean atera zuen liburuxka bat argitaratu zuen egungo gizartearen testuinguruaren analisi batekin eta horri gazte borrokaren bitartez erantzun bat emateko klabeak zein diren azalduz. Gaurko hitzaldia horretan datza, eskuliburu horrek dakarrena azaldu eta hausnartzean" argitu zuen Olaia Matxain hizlariak.


Testuinguruari dagokionez, egungo sistemak gizarteari ekarri dizkion ondorioen artean bost atal nagusi landu zituzten:  "Langile klasearen desjabetzea, burujabetzaren galera, prekarizazio basatia, jendartearen aurkako joera bortitzak eta langile kontzientziaren galera".

Matxainen azalpenen ondoren, bertaratuek "liburuxkaren oinarriak barneratzeko eta sistemaren aurkako alternatibak hausnartzeko" taldekako tailerra egin zuten.

Hitzaldien ondoren Punck Rock estiloko John Dealer and The Coconuts talde legazpiarraren eta Txarrikumeak talde aretxabaletarren kontzertuak izan zituzten. Sarrera 3 euro izan zen ikasle eta langabetuentzat eta bost euro gainontzekoentzat. Aitor Urizar Ernaiko kide oñatiarrak jakinarazi zuen bertan bildutako dirua Gazte Topagunera autobusa antolatzeko bideratuko dela eta autobuserako sarrerak Oñatiko Arrano tabernan, Aretxabaletako Urbaltz tabernan eta Arrasateko Irati tabernan eskura daitezkeela.

Garigoitz Igartua Ernaiko kide aretxabaletarrak gogoratuarazi zuen Oñatikoa eskualdeko lehen Bulkada Eguna iza dela eta hurrengoak martxoaren 30ean Arrasaten eta apirilaren 6ean Aretxabaletan izango direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak