Denboraldia igoerarekin borobiltzea dute helburu

Eneko Azurmendi 2019ko mar. 14a, 16:55
Aloña Mendiko taldekide batzuk eta Ander Aberasturi entrenatzailea, eguazteneko entrenamendu saioan.

Emakumezkoen Gorengo Mailako Igoera Fasea jokatzen ari da Aloña Mendi, eta, lau partidu jokatu ostean, bi irabazi dituzte eta beste bi galdu. Zapatuan, partidu garrantzitsua dute goiko postuei ihes egiten ez uzteko, Hernaniren aurka, Azkoagainen –16:30ean–.

Lau partidu jokatu dituzte oñatiarrek igoera fase honetan. Lehenengo biak irabazi egin zituzten eta azken biak, aldiz, galdu. Intxaurdiren aurka galdu zuten lehena. Ligako talderik indartsuenetakoa da donostiarra. "Partidu guztiak irabazita etorri ziren Oñatira, eta partidu oso ona egin arren eta irabaztea merezi arren, 1-2 galdu genuen, azken minutuan sartu ziguten gol baten ondorioz", azaldu du Ander Aberasturik, taldeko entrenatzaileak. Bigarren partidua Hondarribiaren aurka galdu zuten, pasa den astean.

Zortzi taldeko ligaxka da jokatzen ari direna, eta lehenengo biek lortuko dute mailaz igotzea. Momentu hauetan, Urnieta eta Intxaurdi daude sailkapenaren gorenean, hamabina punturekin. Aberasturiren neskak laugarren daude, Hondarribiarekin berdinduta, sei punturekin.

Entrenatzailearen esanetan, "goikoek ez dute hutsik egiten". Hori dela eta, ezinbestekoa da zapatuko partidua irabaztea –16:30ean, Azkoagainen–. "Lehenengo fasean haiek baino gehiago izan ginen eta, berez, irabazteko moduko partidua da. Ezin dugu hutsik egin".

Zaila, baina ez ezinezkoa

Zaila izan arren, mailaz igotzeko helburua dute oñatiarrek. "Fase hau hasi ginenean, mailaz igotzeko helburua finkatu genuen. Gauzak zaildu egin diren arren, guk gurea egiten badugu eta goikoek huts egiten badute, aukera eduki genezake". Hamar partidu falta dira oraindik, eta taldea goian egoteko gai ikusten du Aberasturik. "Edozer gerta liteke. Guk erregularrak izatea lortu behar dugu. Partidu handietan motibatu egiten gara eta oso maila onean aritzen gara. Baina gainontzeko partiduetan maila bera ematea izango da erronka, ezin gara erlaxatu".

Jendez larri

Denboraldia 20 bat jokalarirekin hasi zuen taldeak, baina, arrazoi ezberdinak direla eta, jendez nahiko larri dabiltza. "13-14 jokalarirekin ari gara. Min hartuta daude batzuk eta lana dute beste batzuek. Gazteak igo behar izaten ditugu, eta hainbat partidu bukatu ditugu bukaeran aldaketarik egin ahal izan gabe".

Lehen fase bikaina

Lehenengo faseari dagokionez, oso maila onean aritu ziren oñatiarrak. 16 partidu jokatu zituzten eta horietatik 12 irabazi, eta bakarra galdu zuten. Modu horretan lortu zuten igoera fase honetan egotea. "Behin hemen egonda, igoera lortzeko borrokatu behar dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak