Martxoaren 8a ospatzeko ekitaldietan parte hartzeko dei egin dute sare feministak eta udalbatzak

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko mar. 7a, 12:45
Globo morea iazko martxoaren 8an

Manifestazioak eta elkarretaratzea ez ezik, eskulan tailerrak eta kazerolada ere egingo dituzte bihar. Zapatuan berriz, emakume artisauen azoka, bazkari feminista eta Ganbararen kontzertua, adibidez. Domekan antzerkia egongo da eta hurrengo astean, Zinegoak. Udalbatzak ekitaldietan parte hartzeko dei egin du.

Oñatiko sare feministak antolatuta hainbat ekintza egingo dira egubakoitzean eta zapatuan herrian. Bihar, egubakoitza, esaterako: 00:00etan, etxafuego jaurtiketa plazan; 08:00etan, kazerolada plazatik; 09:30etik 11:30era, eskulan tailerrak plazan; 12:00etan, elkarretaratzea Olakua auzoan, patoetan, eta manifestazioa plaztik; 14:00etan, bazkari autogestionatua plazan (ekarri zure bazkaria); 16:00etan, kafe tertulia zaintzaren ingurukoa eta 19:00etan, manifestazioa eta ekitaldia plazan.

Zapatuan, bestalde, emakume eskulangileen eta artisauen azoka egingo dute 10:00etatik aurrera Foruen plazan. Herriko emakumeek postuak jarriko dituzte eurek egindako produktuak saltzeko. 14:30ean bazkari feminista egingo dute gaztetxean.

Arratsaldean bestalde, kontzertu berezia eskainiko du Ganbara faktoriak. Iaz estreinakoz gauzatutako ekimenari aurten ere jarraipena emateko asmoarekin munduko emakume konposatzaile ezberdinen lanak taularatuko dituzte Ganbara Txiki Abesbatzak, Ganbara Txikitxo Abesbatzak, Ganbara Gazte Abesbatzak eta Hots Abesbatzak. Lan horien artean, euskal konposatzaile emakume zein atzerrikoen obrak entzun ahal izango ditugu. Adibidez, Txikitxoenek eskainiko duten "Nicoletta", Eva Ugalde donostiar konposatzailearen ipuin antzeztu eta abestua. Honetaz aparte, konposatzaile desberdinen esanak ere jasoko dituzte. "Letter to the world" da kontzertuaren izena eta sarrerak Txokolateixian eros daitezke bost eurotan. Kontzertua 19:00etan izango da Santa Ana antzokian.

Domekan, berriz, 'Bakean dagoena bakean utzi' antzezlana egongo da Santa Ana antzokian, 19:30ean. Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak, betaurreko moreak jantzita, eguneroko kontuen gaineko umorezko saioa egingo dute. Euskaraz da antzezlana eta sarrera izango da hiru euro.

Datorren astean, hilaren 13an, Zinegoak egitasmoaren barruko beste filma bat botako dute zinema aretoan 19:30ean. 'Indarkeria eta errefuxiatuak' da filma horren gaia.

Udalbatzak, bestalde, adierazpen instituzional bateratua onartu zuen otsaileko osoko bilkuran eta antolatuko diren ekitaldietan parte hartzeko dei egin zieten zinegotziek herritarrei.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak