Azken urteotako ohiturari eutsiz, bihar, 11:30ean, Olaitturritik irtengo dira Oñatiko Inauterietako dantzariak, eta kalez kale ibiliko dira egun osoan zehar. Parte hartzeak gora egin du aurten ere, eta 300 pertsona inguru irtengo dira dantzan bihar. Bazkaria, urtero legez, Etxe-Aundi jatetxean izango da eta 250 lagun bilduko dira bertan.
"Berrikuntzaren bat edo beste ere badago aurten; esate baterako, dantza bat moldatu egin dugu, pausoak aldatu egin ditugu", azaldu du Zuriñe Lazkanok, Oñatiko Inauterietako lantaldeko kideak. "Sorpresa bat ere egongo da bihar", gaineratu du.
Egun osoko ibilbidea
11:30ean bilduko dira Olaitturrin, eta Unibertsitatera abiatukodira lehenik. Plazatik igaroko dira Portu kaleraino, eta ondoren, Txokolateixiara. Errementari plazatik igaroko dira gero, eta Kalegoienean emango diote amaiera goizeko ibilbideari. Arratsaldean, ostera, 17:30ean, Olakuan bilduko dira, eta bertatik Etxaluzera joango dira, ondoren, Santa Marinara eta, azkenik, 20:00 aldera, amaiera ekitaldia egingo dute plazan.
Luzaideko dantzak
Domekan, 18:00etan hasita, Luzaideko dantzen kalejiraz gozatzeko aukera izango da, Oñatz dantza taldearen eskutik.
Ikastetxeak
Herriko hiru ikastetxeek erebat egingo dute Inauteri giroarekin. Gaur, Txantxiku Ikastolakoen txanda izango da. Haur Hezkuntzako ikasleak lore jantziko dira eta Lehen Hezkuntzakoak, berriz, kirolari. Azken horiek kalejiran irtengo dira, 15:00etan, plazaraino.
Martitzenean, Urgaineko ikasleek goizeko hamaiketan emango diote hasiera Kalderero Jaialdiari, eskolako patioan. Eta Elkar Hezikoak, aldiz, kalejiran abiatuko dira, kalez kale, goizeko hamar eta erdietan, hippy jantzita.
Inauteri martitzena
17:00etan, Festaz blai ikuskizuna eskainiko dute kiroldegian Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoek.Salneurria 2 euro da eta aurresalmenta, Onati.eus atarian, Txokolateixian eta leihatila digitalean. Arratsaldeko seietan, plazan, txokolate-jan solidarioa egongo da, Oñatiko elizbarrutiko misio taldeak antolatuta. Bildutako dirua Gineako herri txiki batean eskola eraikitzen laguntzeko
erabiliko da.