Eguraldi bikainarekin jokatu zen atzo Izaban Euskal Herriko txapelketa. 225 eskiatzaile inguru batu ziren lasterketaren bi ibilbideak –A eta B– osatzeko. A ibilbidean jokatu zuten txapelketa, eta ez zen nolanahiko ibilbidea gainera. Bi datu esanguratsu, 21,5 kilometroko luzeera eta 1850 metroko desnibel positiboa baitzuten aurretik. Bost ziren egin behar zituzten trantsizioak, eta tartean igo beharreko bi gailur, Oloron eta Zanpori.
Pozik zen Alonso lasterketaren bukaeran: "Sorpresa handia izan da niretzat garaile izatea. Ez dut hutsegiterik egin, eta hori mendiko eskian oso garrantzitsua da. Indartsu ateratzea erabaki dut, eta banekien azken igoera ondo zetorkidala".