Defentsan egindako lan onari esker irabazi du norgehiagoka Aloña Mendik

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko ots. 23a, 20:28
Ainhoa Tatiegi jaurtiketa egiteko gertu.

Nesken eskubaloi taldeak 25-23 irabazi dio Aiala taldeari Zubikoan. Oñatiarrek ondo hasi dute lehia, eta atsedenaldira 14-10eko aldearekin joan dira. Bigarren zatian, aurkariak gora etorri dira eta bi goleko aldea jan diete etxekoei; hala ere, defentsan egindako lanak eta Josune Puga atezainak egindako lanari esker norgehiagoka irabaztea lortu dute.

Aurkari gogorra izan dute gaur oñatiarrek etxean. Aloña Mendik Aialaren aurka neurtu ditu indarrak. Lehenengo zatian oñatiarrak nagusitu dira: atsedenaldira 14-10eko abantailarekin joan dira etxekoak.

Bigarren zatian, urduritasunak

Bigarren zatian etxekoen lana markagailuko aldeari eustea izan da. Ondo ibili dira atzean; baina, askotan, prisa larregirekin irten dira kontraerasora eta horrek huts bat baino gehiago ekarri die. Zarauztarrak gora etorri dira eta aurkari gogorrak direla erakutsi dute: markagailuan bi goleko aldea murriztu dute eta azkeneko minutuetan, penalti bitartez, gol bat atzetik jartzeko aukera ere izan dute. Ioritz Agirianoren neskek defentsan egindako lan onari esker; eta, batez ere Josune Puga atezainak egindako lan bikainari esker bi goleko aldeari eutsi eta 25-23 irabaztea lortu dute oñatiarrek.

Beharrezko puntuak

Olatz Kortabarria jokalariak azaldu du defentsan egindako lanean egon dela norgehiagoka irabaztearen gakoa. "Gainera, azkeneko jardunaldietan gol bakarragatik edo bi goleko aldeagatik galdu ditugu norgehiagokak, eta beharrezkoa genuen garaipena lortzea", azaldu du Kortabarriak. Bolada onari eustea izango da Agirianoren taldearen lana hurrengo asteetan. Hurrengo bi norgehiagokak etxetik kanpora jokatuko dituzte; datorren astean, Ereintzaren aurka, Oreretan.

Taldeko kapitain Olatz Kortabarriarendako, gainera, aurtengo denboraldiko azkeneko lehia izan da. "Kanpora noa lanera; beraz, kanpotik jarraituko dut taldearen ibilbidea", azaldu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak