Martxoaren 23an izango da Oñatiko duatloia, zapatua

Amaia Igartua 2019ko ots. 22a, 08:08

Oñatiko duatloia 26 urtez jokatu ondoren, iaz ezin izan zuten antolatu; hala, aurtengoa 27. edizioa izango da

Gipuzkoa eta Euskadiko Duatloi Txapelketaren parte izango da Oñatiko 27. duatloia. Martxoaren 23an, zapatuan, jokatuko da, arratsaldean. "Distantzia honetan egiten den Euskadiko duatloi bakarra da Oñatikoa: bizikletan 37 kilometroko ibilbidea du eta korrika 5 kilometroko zirkuituari bi itzuli emango zaizkio lehenengo sektorean eta itzuli bakarra hirugarrenean", azaldu du Oñatiko Triatloi taldeko kide Andoni Correasek. Hilabete besterik ez da falta, eta antolatzaileak buru-belarri ari dira antolakuntza lanekin, baina guztia lotuta dagoela esan du Correasek.

Duatloi txikia

Duatloiaren 26. edizioa bertan behera gelditu zen arren, duatloi txikiaren lehenengo edizioa jokatu zen iaz. 160 umetik gora elkartu ziren herriko plazan. Eta aurten, duatloi txikiaren bigarren aldia izango da. Eskolekin elkarlanean antolatu duten bigarren edizioak hiru kategoria izango ditu, eta herriko kaleetan egingo dituzte lasterketaren bi ibilbideak. "Hiru kategoriek ibilbide bera egingo dute, baina kategoriaren arabera bira gehiago eman beharko dituzte", azaldu du Correasek.

Izen-ematea

Izen-ematea zabalik dago, triatloi.org atarian. "Aurreikusten genuen bezala, oraindik izen-emate gutxi daude, jendeak azken unera arte itxaroten du beti", azaldu du. Hurrengo egunetan zabalduko dute duatloi txikiaren izen-ematea, eta hori ere triatloi.org atarian egin beharko da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak