Saio linbikoa bihar, Olatz Salvadorren eskutik

Maialen Regueiro 2019ko ots. 21a, 17:03

Musikaren eta literaturaren erabilera eginez, emozioen lanketa egitea helburu duen 'Saio linbikoak' saioan parte hartzeko aukera egongo da bihar, Udal Liburutegian, 19:00etan hasita. Olatz Salvador musikari donostiarrak gidatuko du biharkoa. 

2017ko abenduan estreinatu zen Jon Gondrak martxan jarritako Saio linbikoak izeneko egitasmoa, Oñatiko Udal Liburutegian, Estankona musikariaren eskutik. Eta bihar, leku berean eta 19:00etan hasita, Olatz Salvador artista donostiarraren txanda izango da.

Esperientzia berria

Olatz Salvador txikitatik hasi zen musikarekin duen lotura garatzen, 2014an eman zuen bakarkako lehen kontzertua eta 2018an kaleratu zuen lehen proiektua: Zintzilik. Hala, bihar arratsaldeko saio linbikoa esperientzia berri bat izango da donostiarrarentzat, eta, horren harira, gogotsu dagoela adierazi du. Are gehiago, saio linbikoen helburuez hitz egiterakoan honako hau adierazi du: "Gisa honetako saioetan emozioen lanketa egiten da eta nik, Psikologia ikasketak izanda, beti egon naiz emozioekin harremanetan, era batera edo bestera. Beraz, biharko saioa prestatzeko orduan, nire abestiak aztertu ditut berriro, ikusteko nondik nora idazten dudan". Horrekin lotuta, Salvadorrek adierazi du saioa prestatzeko aitzakiarekin, gustuko dituen liburuak berriro irakurri dituela eta lehen irakurraldian aztertzeke utzi zituen pasarteak erreskatatzeko aukera izan duela.

Musika, literatura eta emozioak

Olatz Salvadorrek bihar arratsaldean eskainiko duen saioari begira aitortu du ez dela bere ohiko kontzertu bat izango; hau da, ez du bere errepertorioa joko. Saioa emozioei lotuta egongo da, non emozio bakoitzeko atal bat egongo den. Hala, bakoitzaren lanketa egiteko abesti bat jotzeko asmoa du, baina abesti guztiak ez dira bereak izango; alegia, bertsio batzuk ere joko dituela adierazi du. Musika emozioak lantzeko modu bat izango da, baina ez bakarra: literaturak ere izango du protagonismoa biharko saioan. Izan ere, donostiarrak bere gustuko liburu batzuen pasarteak aukeratu ditu eta horien irakurketa ere egingo du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak