Martitzenetan egiten ditu bilerak herriko Sare Feministak eta hantxe eztabaidatzen eta adosten ditu Martxoaren 8ko egunari begira zer eta nola antolatu. Pozik daude bilerek ematen dutenarekin. "Asko elkartzen gara eta gustura gaude lanean", diote plataformako kide diren Mariasun Zelaiak eta Ana Novoak.
Eragileekin elkarlanean
Hemendik eta Martxoaren 8ra bitartean zein ekintza egingo dituzte zehaztu dituzte, adibidez, bilera horietan, baina egun horretarako deituta dagoen grebak zein arrazoi eta zentzu duen ere eztabaidatzen dute. Eta deialdi hori zabaltzen ere ari dira.
Asteko bilerak ez ezik, herriko hainbat eragileekin harremanetan daude uneoro, esaterako. "Kontsumo grebari buruz berba egiteko, adibidez, Txandakoekin ari gara lanean. Aste honetan dugu bilera. Sindikatuekin ere egon gara enplegu grebari buruz, eta badakigu Oñatiko enpresa askotan badutela greba deialdiaren berri eta gaia lantzen ari direla. Ikastetxeak ere ari dira gaia tratatzen eta bakoitzak bere ikasleekin landuko du. Hala ere, antolatzen ditugun ekitaldiak bidaltzen dizkiegu, badute plataformaren berri, lotura dugu", diote Zelaiak eta Novoak.
Erretiratuak
Herriko erretiratuen taldeekin ere estuak dira harremanak. Eguaztenean San Lorentzon egingo den pintxo potean, esaterako, Lagun Lekuko kideak egongo dira informazioa ematen. Astelehenetan plazan egiten duten elkarretaratzean ere aipatuko dute Martxoaren 8ko greba erretiratuek. Martxoaren 4ko kale agerraldian ekintzak egingo dituzte.