Gaurtik domekara bitartean, askotariko ikus-entzuleei zuzendutako musika eskaintza zabala izango da herrian.Gaur, 22:00etan, Eskean Kristo eta Saia Goait taldeak arituko dira gaztetxean. Sarrera 5 euro izango da. Eskean Kristo talde bizkaitarra Ezkurrik onenak azken lana aurkeztera dator. Saia Goait mutrikuarrak, entsegu lokaletan batu ondoren, zuzeneko biziak eskaintzeko prest datoz gaztetxera. Stoner-rock eta hard-rockaren zurrunbiloan ahots melodikoak gailentzen ditu taldeak.
Modus Operandi eta Nomadak
Bihar, hilak 16, Modus Operandi eta Nomadak izango dira protagonista, 19:30ean, gaztelekuan.Modus Operandi Iñaki Ortiz de Villalbak –Betagarriko abeslari ohia– bultzatutako proiektua da. "Iñakik sortu zuen taldea, Betagarriren agurraren ostean, argi zuen musikan jarraitu nahizuela. Abestiak prestatzen hasi ginen elkarrekin, Iñakik letra batzuk idatzi zituen eta nik melodiak sortu nituen. Ez nuen Iñaki ezagutzen, baina ilusioa egin zitzaidan nigan konfiatu izanak", azaldu du Andoni Garciak, Modus Operandiko taldekideak eta Laurobako taldekide ohiak. Ska eta fusioa lantzen dituen taldearen izen bereko diskoa aurkeztuko dute bihar. "Ilusio berezia egiten dit Nomadak-ekin jotzeak. Nik ere Emon utzi nuen eta beste bide bati ekin nion; berriz lagunak elkartzeko aukera bikaina izango da gaztelekuko kontzertua", azaldu du Garciak. Nomadak taldeak Emon desegin eta berehala eman zituen lehen urratsak iaz. Rocka, elektronika eta trikitia landu dituzte bihar gaztelekuan entzuteko aukera egongo den Hasieratik + disko berrian. Sarrera 8 euro izango da. Aurrez erosi gero, 6,5 euro. Aurresalmenta Onati.eus atarian da.
'Matinee' kontzertua
Domekan ere, 12:30ean, Amorante ezizenaren atzean ezkutatzen den Iban Urizarrek kontzertua eskainiko du gaztetxean. Musikan ibilbide luzea egin ostean, bakarrik itzuli da taula gainera. "Ezohikoa izan daiteke kontzertua, heterodoxoa den
zentzuan: tresnak eta ni bakarrik. Herri-musikari oso lotuta dagoen ikuskizuna da". Antixeneko matinee kontzertuen beste aldean izandakoa da Urizar: "Horrelako lekuetan jotzea beti izaten da plazer bat".