Idazketarako zaletasuna duten herritarrei idaztearekin gozatzeko beharrezko baliabideak eskainiko dizkie lantegiak.
Herriko eskaintza kulturalaren hutsunea betetzeko asmoz sortutako ekimena da. "Liburutegiak hiru irakurketa talde ditu, baina idazketa lantzeko eskaintzarik ez dago Oñatin. Gure asmoa bailarako herritarrei beste ekintza desberdin bat eskaintzea da", aditzera eman du Arantzazu Ibarrondok, Udal Liburutegiko arduradunak.
Idazteko zaletasuna dutenei behar duten motibazioa, bultzada, formakuntza eta informazioa eskaintzea da idazketa lantegiaren asmoa. "Batzuek idazteko eskua izango dute eta beste batzuek, ez. Bertan, baliabide eta tresna batzuk ikasiko dira idatzi ahal izateko", azaldu du Ibarrondok.
Irakurketa lantegia ez da izango ekimen isolatua, urteroko bokazioa izango duen egitasmo bat sortzea baita helburua. "Proposamen handiago baten hasiera da, ez da zerbait puntuala izango", esan du Ibarrondok.
Hain zuzen, 16 urtetik gorako edonork eman dezake izena Udal Liburutegian, martxo amaiera arte. "Aurreikuspenak oso ondo bete dira eta oso pozik gaude jasotako erantzunekin, baina epea, oraingoz, zabalik dago, martxora arte, taldearekin bat egin nahi duenarentzat", adierazi du Ibarrondok.
Joxe Mari Iturralde, irakasle
Idazlea izateaz gain, irakaskuntza alorrean aritutakoa ere bada Joxe Mari Iturralde. Hain zuzen, Euskara eta Euskal Literaturaren katedraduna izan zen irakaskuntza ertainetan. Genero desberdinak landu ditu bere idazle bizitzan, haur eta gazte literaturan trebatu den arren.
Azkeneko urteotan, gazteei zuzendutako idazketa lantegiak dinamizatu izan ditu. "Gauza bat idazle ona edo txarra izatea da, baina erakusten jakin behar da, eta, hain zuzen ere, uste dugu oso aukera ona dela bera izatea Oñatiko idazketa lantegiaren dinamizatzailea", azaldu du Ibarrondok.
Izen-emateekin "harrituta"
"Orain arte izena eman duten gehienak gizakumeak izan dira; ostera, irakurle taldeetan, gehiengoa emakumeak izaten gara. Arreta eman digun datua izan da", argitu du Ibarrondok.
Deialdi irekia
Hala ere, ez da soilik herritarrei zuzendutako ekimena. "Bailarako jendea ere parte hartzera gonbidatu nahi dugu", gaineratu du Ibarrondok.