'Argi Arantzazu 2019'-k aurreikuspenak hautsi ditu

Amaia Igartua 2019ko ots. 1a, 09:05

Ilunpetan Argazki Taldeak apirilaren 5etik maiatzaren 12ra bitartean ospatuko duen Argi Festibalaren baitan antolatutako egonaldi artistiko eta erakusketa deialdia da 'Argi Arantzazu 2019', eta dagoeneko itxita dago izen-ematea

Argi Festibalak eta Arantzazu Gaur Fundazioak elkarlanean antolatutako Argi Arantzazu 2019 deialdiaren izen-ematea itxi da urtarrilaren 30ean, eta aurreikuspen guztiak hautsi ditu.

Deialdi ireki formatuan egiten den bigarren edizioa izango da aurtengoa. Hain zuzen ere, Arantzazuko Gandiaga Topagunean erakusketa bikoitz batekin eta hamabost eguneko egonaldi artistiko batekin sarituko diren bi egile hautatuko dituzte.

"Argazkilaritza beste termino batzuetan ulertzen duen jendeari zuzenduta dagoen deialdia da aurtengoa. Kontuan hartuta hamabost eguneko egonaldi artistikoa gehitzen dela sarian, kontziente gara ez dela edonoren eskura dagoen zerbait", azaldu du Itziar Bastarrika argazkilari eta Argi Festibalaren zuzendari artistikoak. 

100 pertsonak baino gehiagok eman dute izena deialdian. "Aurreikuspenak bete, eta gainditu egin ditugu. Proposamen hau egitean, bagenekien afizionatu mailan lan egiten duen jende askori ateak ixten genizkiola. Ez genuen inondik inora espero 100 izen-ematetara iritsiko ginenik", azaldu du Bastarrikak. Berrikuntza gisa, hautatuek bi lan-saio izango dituzte Juan Pablo Huercanosekin –Jorge Oteiza Museo Fundazioko zuzendariordea– eta Erika Goyarrolarekin –artearen historialaria eta komisario independentea–.

Gaia paisaia eta identitatea da. "Arantzazurekin eta bertako espirituarekin oso lotuta dagoen gaia da.Arantzazuk baduelako euskaldunon identitatean nolabaiteko presentzia, eta paisaiak, zer esanik ez, ez dago hitzik hori azaltzeko. Inguruarekin lotzeko aukeraturiko bi kontzeptu dira", aditzera eman du Bastarrikak.

Arantzazu, artisten gotorleku

Arantzazu Gaur Fundazioarekin batera bultzatutako deialdia da. "Fundazioaren helburua Arantzazu dinamizatzea eta dinamika kulturalei toki bat eskaintzea da. Basilikaren sorkuntzatik, artisten gotorleku izan da Arantzazu", azaldu du Juan Biainek, Fundazioko kudeaketa arduradunak. 

Hastapen Ikastaroa 

Otsailaren 11tik apirilaren 1era izango da argazkilaritza hastapen ikastaroa, astelehenero, 18:00-19:30 bitartean. Partaideen artean adostutako larunbat batean saio praktikoa egingo da. Ez da ezagutzarik behar eta aukera manuala duen kamera eramatea gomendatzen dute. Prezioa 90 euro da eta izena ilunpetan@gmail.com helbidean eman behar da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak