Urriaren 26ean herrian estreinatu zenetik, bolo-bolo dabil Lope filma. Herrian sekulako arrakasta izan zuen eta, geroztik, Euskal Herriko hainbat gaztetxe eta zinema aretotan eskaini dute. Hurrengo pausoa urtarrilaren 1ean etorri zen, Youtubera igotzean: ezustean, lehen astean 2.000 ikustaldi izan zituen. "Egia esan, ez genuen espero, eta lan-talde guztia oso gustura geratu gara erantzunarekin, pozgarria izan da", adierazi du Anjel Lerak, filmaren zuzendariak.
Lope ezagutaraztea helburu
Filmaren zuzendariak gaineratu du beraien helburua filma zabaltzea eta Loperen historia eta El Dorado espedizioa ezagutzera ematea dela: "Euskal Herri osora hedatzea eta Loperen figura historikoaren gaineko hausnarketa eta debatea zabaltzea da gure asmoa. Askok esan digute filma ikusi eta gero Loperen inguruan informazio gehiagoren bila ibili direla. Izan ere, pertsonaiaren inguruan gutxi zekiten askok, eta filmak jakin-mina piztu die. Beraz, pozik gaude".
Horretaz gain, Lerak azpimarratu du filma ikusi dutenetako batzuek esan dietela "hausnarketa politikoa" egiteko ere balio izan diela filmak.
Azpitituluak gaztelaniaz
Loperen gaineko filma eta, bide batez, pertsonaia horren historia "zabaltzen eta ahalik eta jende gehienarengana" iristeko asmoz, berrikuntza moduan, gaztelaniazko azpitituluak gehitu zizkioten filmari aurreko astean, eta hori ere ikusgai dagoeneko sarean.