Hangover kuadrillak antolaturik, metal soinuak izango dira gaur protagonista Oñatiko gaztetxean. Bullets Of Misery talde gernikarrak, WEED (We Exist Even Dead) talde kataluniarrak eta Rodeo talde zestoarrak zuzenekoak eskainiko dituzte, 21:00etatik 01:00era. Antolatzaileek jakinarazi dute kontzertuen ondoren ere gaztetxean jai giroak jarraituko duela.
Metal festaren bosgarren aldia "Duela bi urte eta erdi hasi ginen Hangover kuadrillako lagunok jaialdi hau antolatzen; metal musika oso gustuko dugu eta entzun nahi ditugun taldeak ekartzen saiatzen gara; normalean, talde oñatiarren bat ere sartu ohi dugu. Urtean bi edizio egiten ditugu, bata uda partean eta bestea neguan, eta ikusten da jaialdia gero eta ezagunago egiten ari dela. Azkenekoa bereziki izugarria izan zen, jende asko etorri zen kanpotik, eta bihar ere halaxe izatea espero dugu, sare sozialetan asko zabaldu baita", azaldu du Pello Uriartek, Hangover-ko kideak.
Rodeo Talde zestoarra
Biharko Hangover Metal Festan joko duenetako bat Rodeo taldea izango da. 2015ean sortu zen taldea eta 2017an lehen diskoa kaleratu zuten; lau musikari zestoarrek osatzen dute eta beraien bigarren diskoa, Dilmun, kaleratu berri dute. 70eko hamarkadan AEBetan sortutako stoner rock musika estiloa dute nagusiki zestoarrek, baina Mikel Ilarramendi taldeko abeslariak gaineratu du Oñatiko gaztetxean bihar egingo den jaialdia metal festa izanik, beraien emanaldia estilo horretara egokituko dutela: "Dilmun disko berriaren aurkezpen betean gabiltzan arren, kontzertu honetarako moldaketa bat egin dugu eta metal estiloko abestiak eskainiko ditugu".