Desafio historikoak 60 urte bete ditu gaur

Maialen Regueiro 2019ko mai. 1a, 13:36

1959ko maiatzaren 1ean jokatu zen, Oñatiko pilotalekuan, Olabarta auzoko Eufrasio Belategiren eta kaleko Manolo Arregiren arteko pilota desafio historikoa. Lehia hark jende asko batu zuen eta 10.000 pezeta inguru jarri ziren jokoan. 

Torre taberna

Oñatiko Torre tabernan hartu zen apustu hura egiteko erabakia. Izan ere, han izandako berbaldi batean, batzuek zioten Belategi, pilotan, Arregi baino hobea zela. Beste batzuek, ordea, zioten Arregi zela onena. Beraz, pilotari onena izendatzeko, desafio hura aurrera eramatea erabaki zuten. 

Pilota polemikoa

Partiduko hirugarren tantoan zihoazela Arregik pilota aldaketa eskatu zuela adierazi du Belategik. Saskian lauzpabost pilota zeuden, baina inguruan zegoen ikusle batek sakelatik pilota bat atera eta hura eskaini zion Arregiri. Belategi ez zen horretaz ohartu, baina ikusle batek honako hau oihukatu zuen: "Pilota hori ez zegoen saskian, sakelatik ateratakoa da!". Belategiren esanetan, "Arregik saskian zegoen pilota bat aukeratu behar izan zuen". 

Arregik, txapa jo

Belategiren esanetan, "Arregik txapa jo zuen 21-13 zihoazenean, eta anaiak partidua irabazi zuela konturatu zen". Ikusle batzuek Arregik jotako txapa zalantzan jarri zuten eta horrek eztabaida eragin zuen ikusleen artean. Epaileek, azkenean, ontzat eman zuten Arregiren tanto hura eta partiduak aurrera jarraitu behar zuela erabaki zuten. Hala, markagailua 21-14 zegoela, jokatzeari ekin zioten berriro. Arregik hainbat tanto egin zituen jarraian, baina, azkenean, 22-19 irabazi zuen Belategik. 

Espainiako txapelduna

Belategi 1969an Espainiako txapeldun izendatu zuten afizionatuetan. Izan ere, urte haietan Madrilen eta Bartzelonan jokatzen aritu zen, besteak beste. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak