Izaki Gardenak taldearen kontzertua, gaztelekuan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko urt. 17a, 11:08
Izaki Gardenak taldea. Argazkia: Galder Izagirre.

Etzi, zapatua, 19:30ean izango da emanaldia, eta Aitor Regueiro oñatiarrak joko du aurretik; sarrerak 10 eurotan izango dira leihatilan, eta aurrez erosiz gero, 8 eurotan, Oñati.eus atarian, Txokolateixan eta udaltzainen bulego ondoan dagoen kutxazainean.

Jon Basagurenek gidatzen duen taldea sarritan izan da Oñatin, eta "oroitzapen politekin" ilusioz itzuliko direla dio abeslariak: "Izaki Gardenak moduan gaztetxean eta gaztelekuan izandakoak gara, eta bakarkako formatuan ere, behin baino gehiagotan izan naiz, eta, egia esan, oso oroitzapen onak ditut. Iluntzean joko dugu, eta gustatzen zaigu beste ordutegi batzuetan ere jotzea; iruditzen zait hori dela bidea aukera berriak eskaintzeko".

Izaki Gardenak, bere kantak plazaratzeko gogoaren ondorioz sortutako ekimena dela dio Basagurenek: "Izaki Gardenak ideia bat da, eta hastapenetako kideetatik Libe Garcia de Cortazarrek (ahotsa eta teklatua) eta biok bakarrik jarraitzen dugu. Une edo lan bakoitzean, euren agendek ahalbidetzen duten neurrian,  musikari eta lagun ezberdinak batu ditugu. Dena oskol lana grabatzeko, Danilo Foronda, gitarra-jolearekin, Fede Egiluz, baxu-jolearekin, eta Dani Arrizabalaga bateria-jolearekin osatu genuen boskotea Libek eta biok, baina Danilok ezin du zuzenekoetan gurekin jarraitu eta aurrez gurekin izandakoa den Joseba Baleztenak hartu du haren lekukoa".

Dena oskol' eta gehiago

Lan berriarekin "oso harro eta pozik" daudela dio eta gustura daudela, izan duen harrerarekin."Etzikoan ibilbidearen errepasoa edo laburpen bat egingo dugu: disko berria goitik behera joko dugu, eta beste lanetako kantuak ere tartekatuko ditugu, errepertoriotik kendu nahi ez ditugun kantu asko daudela konturatu gara-eta. Guretzako ohikoa den baino kontzertu luzeagoa izango da; aurreko astean Gasteizen probatu genuen eta izugarri gozatu genuen".

Telonero, Aitor Regueiro

Izaki Gardenak taldearen jarraitzailea dela aitortzen du Oñatiko musikariak eta horregatik urduri eta ilusio handiarekin partekatuko duela gaztelekuko oholtza: "Erreferentzia izan dira beti niretzako. 45 minutu inguruko emanaldia egingo dut eta nik sortutako kantuak dira abestuko ditudan guztiak. Akorde ez konbentzionalak dituzte, eta melodia eta oxigeno asko dituzten kantuak dira. Bakarrik izango naiz taularen gainean, gitarra eta pedala lagun ditudala".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak