Etorkizunera salto egin du Tartean konpainiak, azken euskaldunaren istorioa kontatzeko

Euskaltzaindiaren sorreraren mendeurreneko ospakizunen barruan kokatzen da Tartean konpainiaren Ghero antzezlana. Emanaldi bi egingo dituzte Debagoienean; atzo, egin zuten lehena, Oñatin, eta bihar, 19:30ean egingo dute Arrasateko Amaia antzokian.

Gidoilari eta aktore Patxo Telleriaren esanetan, Koldo Mitxelenaren ideia baten oinarrituta idatzi zen gidoia: "Koldo Mitxelenak zioen euskararen misterioa ez dela bere jatorria, bere iraupena baizik, eta horixe da Ghero lanaren motorra".

Estetika zaindu eta futurista batekin, Ghero-k, 3000. urteko ospitale baten kokatuko du ikuslea. Balizko gizarte horretan, urte askoan bizi da jendea eta hizkuntza bakarra hitz egiten da munduan. Hiltzear dagoen azken euskalduna da protagonista. Kezkatuta dago, bera hiltzerakoan berarekin batera euskara hilko delako.

Oinarrian gai sakona den arren, Tartean konpainiak marka duen umorea eta ironia ez dira falta antzezlanean.